Bularreko minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko ekimenak eginen dituzte asteburuan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 15a, 09:00

Urriaren 18an estreinatuko dute 'Bularretik ehundutako aitortzak' dokumentala.

Urriaren 18an, dokumental emanaldia eta urriaren 19an, Elkartasun Eguna antolatu ditu 2zi elkarteak

Azken hilabeteetako lanak, urriaren 18an ikusiko du argia. Orduan estreinatuko dute Amaia Iparragirrek zuzendutako Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala. Leitza eta Ezkurrako bost emakumeren testigantzak bildu ditu: Edurne Lamuedra, Izaskun Iparragirre, Jaione Zabalo, Esther Riaño eta Edurne Mutuberriarenak. Bularreko minbizia zutela jakin dutenetik bizi izan dutena azaleratuz. Dokumentalaren bueltan ikusmin handia sortu denik ezin liteke uka. Bi emanaldi antolatu dituzte: 20:00etako saiorako sarrera guztiak ordu laurdenean agortu ziren eta, hau idazterakoan, 18:00etako saiorako sarrera batzuk baino ez ziren gelditzen. 

Elkartasun Eguna

Dokumentalarekin giroa goxatu eta festarako gonbidapena egin dute biharamunean. Urriaren 19an, «guztiok eta guztiontzat elkarlanean» aritzeko deia egin dute eta Elkartasun Eguna antolatu dute. Txalaparta doinuekin hasiko da ospakizuna, 09:20an. Festa ez da plaza inguruan bakarrik nabarituko, 09:30ean bularreko minbiziaren aldeko martxa solidarioa hasiko da. Parte hartzaileek ibilbide laburra eta motza izanen dituzte aukeran. Martxan parte hartzeko izena eman dutenek, kamiseta bat izanen dute opari eta Jubi tabernan hartu ditzakete asteazkenean eta ostegunean 17:30etik 19:30era.

Haurrentzako tailerrak ere izanen dira, 11:00etan eta 12:00etan, kalejira eginen dute Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunek, buruhandi eta erraldoien konpartsak, txarangak eta fanfarreak lagunduta. Elkarrekin, Porrotxek oparitutako pagoa landatuko dute. 14:00etan, mahaiaren bueltan elkartuko dira. Herriko supermerkatuek emandako elikagaiekin, bazkari solidarioa prestatuko dute eta txartelen salmentatik ateratako dirua ere, ikerketara bideratuko dute. Txartelak erosteko azkeneko eguna urriaren 15a izanen da. Maimur liburu dendan eta Peritza tabernan eskura daitezke, helduek hamabi euro eta haurrek bederatzi euro ordainduta. Bazkal ondorako bingoa antolatu dute.

Arratsaldean, 17:00etan, herrien arteko herri kirol saioa eginen dute eta segidan, musikak ere izanen du tokia. Ane Martija musikariak kontzertua eskainiko du, 19:00etan eta 20:00etan, boletoen zozketa eginen dute. Zozketarako boletoak, euro baten truke eros daitezke Leitza, Lekunberri eta Berastegiko komertzioetan edo eskolako 5. mailako ikasleen bidez. 

Plaza apaintzeko pankarta berezi bat ere prestatu dute. DBHko ikasleek gaia tutoretza saioetan landu dute eta marrazki lehiaketa egin dute. Marrazki irabazlearekin osatuko dute urriaren 19an plazan jarriko den pankartako irudia. 

Babes zabala jaso dute prozesu guztian zehar eta horregatik, esker hitzak baino ez dituzte 2zi elkarteko kideek,: «oso hunkituta gaude jendeak emandako erantzunarekin». Hitzez, ekintzez, diruz... erakusten den babesa; ikerketa gehiagorekin, bizitza gehiago salbatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun