'Bularretik ehundutako testigantzak' dokumentaleko protagonisten hitzak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 21a, 09:00

Bost emakume hauek dira 'Bularretik ehundutako testigantzak' dokumentaleko protagonistak.

Kamera aurrean jarri eta ahoan bilorik gabe hitz egin dute. Bularreko minbizia zutela jakin dutenetik bizi izan dutena azaleratu. Ez da nolanahiko erronka, baina barruko zama arindu eta egoera berean dagoen norbaiti laguntzeko aukera izateak eman die hitz egiteko ausardia. Mingaina dantzan jarrita, emozioak saltoka izan dituzte askotan: «bizipenak, sentimenduak, esperientziak... elkarbanatu ditugu eta momentu ahaztezin ugari bizi izan ditugu elkarrekin». Denek aipatzen dute, dokumentala osatzen joan ahala, zerbait berezia sortzen joan dela beraien artean. Horren erakusle dira dokumentalari buruz hitz egiten hasitakoan aukeratu dituzten hitzak: arnas bidea, ilusioa, erronka, babesa, zama arintzea...». Eskertuta daude oso izan duten aukerarekin: «hunkigarria izan da Amaiak izan duen keinua, laguntzeko borondatea, prozesu guztian zehar nola zaindu gaituen...  bihotzez eskertu nahi genioke egiten ari den guztia». Urriaren 18an, Leitzako Herri Aretoan izanen da emaitza ikusteko aukera.

Izaskun Iparragirre Baleztena.

Arnas bidea. Bere ahizpa da proiektuaren sortzailea eta gonbidapena luzatu zionean ez zuen zalantzarik izan: «gaiari ikusgarritasuna ematea jende askorentzat lagungarria izanen zela pentsatu nuen». Oso prozesu polita izan dela dio, aberatsa oso:  «dokumentalaren bilakaera eta horrek ekarri duen guztia, arnas bidea izan da niretzat». Bere burua hobeto ezagutzeko bidea ere eman dio: «emozioak identifikatu eta sentitzekoa. Bizipen eta esperientzia sakonak elkartrukatu ditugu; aberatsak bezain lagungarriak».

Edurne Lamuedra Rodriguez.

Ilusioa. Proposamena, minbizi metastasikoa diagnostikatu eta oso momentu berezian iritsi zitzaion eta dokumentala «gogoa eta ilusioa piztu dizkidan argitxo bat bezala izan da». Oso momentu bereziak bizi izan dituzte: «gogorrak, politak, baita dibertigarriak ere. Elkarrekin bihotza eta burua husteak asko lagundu dit. Besteek prozesua nola bizi duten entzun dugu eta elkarbanatu ditugun esperientziak konpartitzea, oso lagungarria izan da». Eta uste du egoera berean daudenei laguntzeko «aletxo bat» jarri dutela.

Jaione Zabalo Juantorena.

Betetako erronka. Ez zuen zalantzarik izan eta oso positiboa iruditu zitzaion hasieratik proposamena: «sufritzen dutenei edo haien gertukoei laguntzeko aukera bezala ikusi nuen». Maila pertsonalean, dokumentalean parte hartzea «oso erronka zirraragarria izan da, arduraz betetakoa». Bidean sentimenduak eta esperientziak partekatu dituztela azaldu du eta hor sortutako une ahaztezinak eta pasadizoak barruan iltzatuta gelditu zaizkiola: «hasieratik konektatu dugu eta emozioak beldurrik gabe azaleratu ditugu». 

Esther Riaño Zabaleta

Taldearen babesa. Prozesua «oso berezia eta sakona» izan dela dio: «ohorea izan da beste lau lagunekin horrelako esperientzia konpartitzea». Aberasgarria ere bai, «norberarentzat, baina baita besteentzat ere. Gure antzeko egoera bizi duen norbaitentzat lagungarria izan daitekeela pentsatzeak asko pozten nau. Lantaldean oso giro polita izan dutela azpimarratu du: «elkar ulertu eta giro goxoan aritu gara». Amaiak emandako aukerarekin, «oso pozik eta eskertuta» dago, «egiten dituen lan guztiak ederrak izaten dira eta oso pozik nago lortutako emaitzarekin».

Edurne Mutuberria Estanga

Zama arintzea.«Bidean sufrimendu eta momentu gogorrak dauden arren, familia eta lagunen berotasunarekin aurrera egiten dela erakustea, oso aberatsa izan da niretzat». Dokumentalak beraien bizipen pertsonalak azaleratu eta konpartitzeko aukera eman die, barruko korapiloak askatzekoa.  Arazo edo konplexuak txikitzeko bidea izan da hori: «daukagun motxila txikitzekoa. Hunkigarria izan da Amaiak izan duen keinua, laguntzeko borondatea, gutaz horrela arduratu eta zaintzea. Bihotzez eskertu nahi nioke egiten ari den guztia».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun