Goizuetan ere ez da musikarik falta, «herri musikaria eta musikazalea da Goizueta. Etxeko leiho batetik entzunen duzu musika, kalean noiznahi ospakizunen bateko kantuak adituko dituzu eta heriotza eta agurrak egiterako garaian ere musika eta kanturik ez da falta izaten». Umore Ona abesbatzako kide bezala bizi ditu momentu horiek guztiak, «eta gustatzen zaigu une berexi guztietan hor egotea».
Gaztetxoen abesbatzako zuzendaria ere bada, «hamar bat urte izanen dira urtero Umore Ona abesbatzak Eguberrietan egiten duen kontzertuan gaztetxoek ere parte hartzen dutela». Kontzertu hori izan zen abiapuntua: «data bereziak izaki, helduen artean umeak eta gazteak ere ikusteko nahia zegoela ikusi genuen. Gainera, horrela jendez betetzen zaigu eliza kontzertu egunean». Azken bi urteetan, umeen gogoa ikusita, «urte guztian zehar kantu saioekin segitu dugu eta ekainean plazan beste kontzertu bat eskaini dugu». Aurten sei urtetik 12 urte arteko 15-20 ikasle inguru aritu dira: «ikasle berriak sartzen dira taldean, baina adin zehatz batetara ailegatzen direnean zaila da taldean eustea». Horixe da bere erronka: «haur edo gaztetan hasi eta pixkana helduen korura iristen direla ikustea amets bat izanen zen. Gaur egun, ni naiz helduen taldeko gazteena». Hori lortzeko, «jolasari garrantzia ematen diot, adin ezberdinak daudelako eta gaztetxoak motibatuta eta gustura egotea izaten da nire helburu nagusia». Argi du: «gure esku dago belaunaldi berriei kantuaren esperientzia ezberdinen transmisio hori egitea». Bere ustez edonork du zabalik musikarako atea: «musika entzunez eta praktikatuz ikasten da, edonork landu dezake. Gainera, ikasketa amaigabea da, ni ere beti ikasten eta hobetu nahian nabil».
Festa giroan ere musikarik ezin da falta: «festak txarangarekin lotzen ditut nahiz eta txoko guztietan musika dagoen. Musikarik ez badago... hila dagoen seinalea da, ez du erakartzen». Herriko festak bizitzako etapa guztietan gozatu izan ditu: «gaztea nintzela lana, antolamendua eta gaueko festa aprobetxatuz ibili nintzen. Ama izatera pasa eta beste ekintza batzuei ematen diozu lehentasuna eta egunezko festa ezagutzera pasa nintzen, eta gaur egun musika pixkat jo, poteon ibili lagunarten, txarangaz gozatu egunez, eta gorputzak laguntzen badu gaueko festaz oroitu berriz». Parranda egiteko egunik politenak abuztuaren 14a, 16a, eta 18a dira beretzat: «abuztuaren 14a egunik potenteena da, 16a herritarren arteko gaua izaten delako eta 18a Peñaren eguna eta azken eguna delako».
Ekitaldietan berriz, «pilota partiduak, sagardo probaketa, dantza taldearen emanaldia, Irumaita txarangan parte hartzea, Peña kalez kale dabilenen ikustea, txarangakin ibiltzea eta eguneroko musika taldea pixka bat entzutea» ditu gustuko.
Festetan eztarria ez urratzeko sekretua ere eman digu: «edari hotz gutxi edatea eta oihurik egin gabe ibiltzea». Festen biharamunean ikusi beharko da nor den kanturako gai.