Suaren bueltan festarako aitzakia izanen dute igandean Areson

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 20a, 20:00

Afalondoan suak piztu eta gainetik saltoka ibiliko dira herritarrak.

Urteko gaurik berezienean suaren bueltan bilduko dira aurten ere herritarrak. Afalondoan piztuko dituzte suak, baina festa giroa ordu batzuk lehenago hasiko da nabaritzen. 

Guraso elkarteko kideek arratsalde pasa polita antolatu dute haur eta gaztetxoentzat. Indarrak hartzeko 17:00etan arratsaldekoa izango dute eta 17:30 aldera, pirata onenen antzera, altxorraren bila ibiliko dira herrian. Segidan, 19:30ean, Iago magoak ikuskizuna eskainiko du udaletxeko batzar aretoan. Herri afarian bilduko dira gero. Afarirako udalak mahaiak eta edariak jarriko ditu eta afaltzekoa norberak eraman beharko du etxetik. Afalondoan piztuko dituzte suak eta horretarako, haur eta gaztetxoek azkeneko asteetan bildu dituzten kartoiak eta materiala erabiliko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun