Leitzako osasun zentroan bi medikuk, pediatrak –astean egun batez Goizuetan–, helduen bi erizainek eta pediatriako erizainak, larrialdietako hiruna medikuk eta erizainek, gizarte langileak (ostegunetan Goizuetan), psikologoak, fisioterapeutak eta bi administrarik ari beharko lukete lanean; eta Goizuetan, helduen medikuak eta erizainak, guardiako bi medikuk eta bi erizainek eta administrariak. Hala izanen litzateke lanpostu guziak beteak balira, baina ez da horrela.
Josune Uranga Leitzako Osasun Zentroko erizainen buruak azken boladan aldaketak izan dituztela kontatu du, baina pediatra falta dute gabezia nagusia. Urtarriletik hala daude Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako 595 haur: «Pediatrarik gabe gaude, baina umeak Iruñera bidaltzeko aukera dago pediatriako erizainak beharra ikusten badu».
Soluzioa, ordea, «hankamotz» gelditzen da gurasoen irudiko, «ez duelako gure seme-alaben arreta duina bermatzen» eta mobilizazioekin hasi dira. Apirilaren 12an halaxe egin zuten eta Leitzan 450 lagun inguru, Areson 50 bat eta Goizuetan 130 inguru bildu ziren. Apirilaren 15ean, berriz, Iruñean izan ziren eta hilaren 27an, argazkia aterako dute 11:30ean Leitzako plazan. Leitzako Udala ere mugitzen hasia da, eta Nafarroako Gobernuaren atea jo du, «pediatra zerbitzua lehenbailehen martxan jartzeko» eta «egoera behin betiko konpontzeko» eskatuz.
Urangak ere onartu du «berriz pediatra izateko borrokan» ari direla, baina hortik aparte, «gripe eta Covid epidemia bukatu dela dirudi eta orain lana normaltasunera bueltatu da». Gehiago ere bai: «Profesional falta dagoela argi dago, baina hemen, oraingoz, nahiko ongi moldatzen gara. Ea horrela segitzen dugun».
Profesional faltaren arrazoiaz ere aritu da Uranga eta honela adierazi du: «Profesional gutxi daude eta Iruñetik egiten den gestioa agian ez da egokiena».
Leitzako Osasun Zentroan zenbat dira euskaldunak?
Leitzan, mediku batek, erizain batek eta administrari batek betetzen dute euskara eskakizuna eta Goizuetan medikuak, erizainak eta administrariak.