Inauteriak 2024

Ilbeltzaren 26tik 31ra ospatuko dituzte Leitzako inauteriak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 25a, 11:00

Atsaure tradizionalen kalejira eginen dute ilbeltzaren 30ean. Argazkiak: Pablo Feo

Ilbeltzaren 26an, eskolako ikasleen kalejira izanen da inauterien lehenbiziko seinalea Leitzan. Bost egunez luzatuko da atsaure festa: eskea, kalejirak, musika Karrapean... ongi pasatzeko aukera ugari izanen dira eta inauteri ondorena goxatzeko, Ekain pailazoaren emanaldia antolatu dute ilbeltzaren 31n.

Ilbeltzaren 26an, ostiralean, goizean eskolako haurren kalejira eginen dute. 11:30 aldera aterako dira taldetxoetan eskolatik eta 12:15ean Herri Aretoan elkartuko dira talde guztiak eskolara elkarrekin bueltatzeko.  

Ilbeltzaren 27an, larunbatean,14:00etan Eskelarien bazkaria izanen dute Aurreran eta indarrak hartuta, 16:00etan auzoetako eskea eginen dute. 23:00etan Atekabeltzen hasiko da festa: Ilargia ere askatuko dugu! lemapean Atekapolo misioa irudikatuko dute. 23:30ean Karaokea hasiko da Atekabeltzen eta 02:00etan Üzküluz DJaren txanda izanen da.

Ilbeltzaren 28an, igandean,12:00etan gurdiak aterako dira Landako industriagunetik eta hauei mozorroak gehituta, kalejira eginen dute kale nagusitik Incansables txarangarekin batera. Txutxu trena ere ibiliko da. 14:00etan bazkaria eginen dute eskolako jangelan eta ondoren Incansables txarangararekin erronda. 16:00etan Txutxu trena jarriko dute berriz ere martxan. Eguna borobiltzeko, 19:00etatik 22:00etara musika izanen da Joxe Mendizabalen eskutik Karrapean.

Ilbeltzaren 29an, astelehenean, atsauretu eta baserrietarako bidea hartuko dute gazte eta helduek 09:00etan. Gorriztaran, Arkixkil, Erreka eta Sakulu auzoetara joanen dira txistulariekin eta Incansables txarangarekin. Ondoren Eskelarien bazkaria izanen dute Aurreran. 17:00etan umeen kalejira eginen dute plazatik hasita trikitilariekin eta bukaeran txokolate jana izanen da plazan. Karrapean musika izanen dute 19:00etatik 22:00etara Xaibor DJarekin.

 

Ilbeltzaren 30ean, asteartean,Erasote auzora joanen dira eskean, 09:30ean, txistulariek lagunduta. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara puzgarriak jarriko dituzte frontoian. Atsaure tradizionalen kalejira eginen dute 18:30ean herriko musikariekin, plazatik abiatuta. 3ttuk taldearen kontzertua izanen dute Karrapean 20:00etatik 21:30era eta 23:30etik 01:00era.

 

Ilbeltzaren 31n, asteazkenean, inauteri ondorena goxatzeko Ekain pailazoak Splastik ikuskizuna eskainiko du Herri Aretoan 18:00etatik aurrera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun