Inauteriak 2024

«Herrian sortzen den giroagatik maite ditut inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 25a, 12:00

Un, dos, tres... telebista saioko azafataz mozorrotu zirenekoa.

Irribarre zabal bat ateratzen zaio aurpegian leitzar gazteari inauteriei buruz hitz egiten hasitakoan eta bere hitzetan: «irribarre hori da inauterien deskribapen hoberena». Oroitzapenak dantzan jarri eta hainbat kontu kontatu dizkio TTIPI-TTAPAri: lehenbiziko karroza, eskeko eta festako bitxikeriak, mozorroen zerrenda luzea, antolakuntza lana... eta behin eta berriz azpimarratu du herrian sortzen den giro berezia.

Irribarre zabal bat ateratzen zaio aurpegian Oihanari inauteriei buruz hitz egiten hasitakoan eta bere hitzetan: «irribarre hori da inauterien deskribapen hoberena».

Oso inauteri zalea da eta afizioa nondik heldu zaion galdetuta, argi dio: «herrian inauterietan sortzen den giroak berak eraman duela horretara». Herri bizia da Leitza eta urtean zehar «hainbat ekitaldi eta pesta bikainak» antolatzen badira ere, bere ustez: «inauteriek xarma berezia dute». Izan ere, Arbola doinua eta txarangaren lehenbiziko akordeak aditu orduko gorputza dantzan jartzen omen zaio: «dudarik gabe! Esanen nuke inauterietako ikurra bihurtu dela Arbola kanta».

«Atsauretzeko ideiak landu, josi eta dena guk egiten dugu»

Leitzako inauterietako egitaraua eskuetan hartu eta ekitaldien errepasoa egiten hasitakoan, gehienetan parte hartu izan duela azaldu du Oihanak: «eskean, egunero atsauretuta, igandeko desfilean... asko gozatzen dut inauterietan». Atsaure tradizionalen kalejira omen da barrutik ezagutzen ez duen ekitaldi bakarra: «ez dut inoiz parte hartu, baina ekitaldi polita da betiko atsaureen ohitura mantentzeko».  Antolakuntza lanetan ere ibili zen Aurrera elkarteko zuzendaritzako kidea izan zenean eta azpimarratu du hor barruan lanean aritzen zaren momentuan konturatzen zarela inauteriek eta herrian antolatzen diren bestelako pestek eta ekitaldiek «atzean duten lanaz». Elkarlana goraipatu du: «udalak, Aurrerako komisioek, pesta batzordeak, boluntarioek, eragileek, herriko txistulariek eta gainerako guztiek egiten duten lana benetan eskertzekoa da».

Ttikitatik inauteri zale

Ttikitatik, bizi eta maite izan ditu inauteriak. Gogoan du haurra zela «ilusio handia» izaten zuela inauterietarako, «eskolan ere atsaureak eskulanak eginez prestatzen genituen». Kuadrillan ere oso txikitatik hasi ziren inauteri giroaz gozatzen: «bereziki gogoan dut aitonaren laguntzarekin kuadrillan egindako lehenengo karroza». Hamaika pesta egin eta hamaika atsaure jantzi dituzte geroztik eta urte hauetan guztietan «inauterien esentzia mantendu» dela iruditzen zaio, «baina dena aldatzen doan moduan baliteke zerbait aldatu izana». Azken urteetan adibidez, «igandeko desfilean karroza kopurua asko jaitsi dela ikusten da. Niri desfilea eta baserrietako eskearen ohitura galtzeak pena handia emango lidake».

Eskea

Ekitaldi guztien artean bat aukeratzeko eskatutakoan, eskea da guztien artean nabarmendu nahi izan duena: «ibilia naiz herriko eskean trikitixarekin eta lagunekin, baita baserrietako eskean ere». Azken urteetan ez du nahi beste gozatzerik izan, baina badu berriz ere eskean ibiltzeko asmoa: «azken urteetan lana dela eta gutxiago nabil, baina egunen batean bueltatuko naiz».

Oso gaztea zela atera zen lehenengoz herriko eskean eta «baserrietakoan, berriz, hogei urterekin edo». Hasieratik harrapatu zuen bertako giroak: «inauterietako egunik berezienetakoa da. Baserritarren eskuzabaltasuna eta harrera ona azpimarratuko nituzke eta bertan biltzen garen herritarren artean sortzen den laguntasuna eta giro paregabea».

Egunero atsaure bat

Egunero dute atsauretzeko ohitura: «gaur egun kuadrillan larunbaterako prestatzen dugu zerbait, eta gainerako egunetan etxean aurkitutako trapu edo konplementuekin atsauretuta bada ere, zerbaitekin ateratzen gara».  Halakoetan, «irudimena martxan jarri, interneten begiratu eta ahal den tokitik» ateratzen dituzte ideiak: «hori izaten da zailena». Atsaurea erabaki ondotik, hutsetik egiten dute guztia: «ideiak landu, josi eta dena guk egiten dugu».  Aurtengoan ideia izan eta «nola egin pentsatzen» pasa dituzte ordu batzuk eta aitortu du azkeneko asteburuan egin dutela dena: «beti bezala, aurten ere, zezenak harrapatu gaitu!».

Azken orduko larritasunekin edo ez, atsaure ederrak jantzi izan dituzte azken urteetan. Kuttunena aukeratzea ez da lan erraza Oihanarentzat: «Power rangerrak, Ekobulle ekotxaranga, Piruletak, Gadget inspektorea, Zatoak, Ninja dortokak, Un, dos, tres-eko azafatak...»

Oihal, kolore, ileorde eta betaurrekoen dantza horretan, ikusi beharko da zein izanen den Oihanak aurtengorako prestatu duen ezustekoa. Hori ere bai baita inauterietako saltsa: parekoa ezustean harrapatu eta aurpegietan irribarreak marraztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun