Ttipi Txartela

«Eguberrietan eskaintza oparietara bideratzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 6a, 12:00

1970ean ireki zuten Irune Alkortaren amak eta izebak Leitzako Garbi drogeria eta lurrindegia, «eta orain duela 12 urte hartu nuen nik denda. Geroztik, aldaketak egin ditugu; gaur egun garraioa hain azkarra denez, ez dugu hain biltegi handirik behar, eta obrak egin ditugu denda handitzeko eta dena txukunago edukitzeko».

Hala ere, «produktuen eskaintza ez da hainbertze aldatu, lehenagoko drogerien formatu bera du, denetik saltzen; pinturak eta bernizak, brotxak, garbiketarako produktuak etxerako zein industrialak, etxeko gauzak, perfumeak eta osagarriak. Egia da jendearen beharrak aldatu direla eta produktuak ere bai, baina funtsean berdina izaten segitzen du».

Eguberrietara begira, «oparietarako gauzak saltzen dira gehien; zorroak, zapiak, eskularruak, txanoak… gainera, perfumerian promozio eta artikulu bereziak ekartzen ditugu». Gainera, «jendea gero eta azkarrago hasten da erosketak egiten, baina azkeneko egunetan izaten da jende kopuru gehiena».

Azkenik, «nahiz eta Internet bidezko erosketak gero eta gehiago egiten diren, hemen behintzat jendeak komertzio ttikietan egiten ditu erosketak eta herritar asko kontzientziatuta daude. Bezero fidelak ditugu eta eskerrak eman nahiko nizkieke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun