Bestak 2023

«Herritarrak elkartuz festa ederrak egin daitezke»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 20a, 11:00
Irune Galparsoro eta Haizea Muñoz.

Irune GALPARSORO AIERBE eta Haizea MUÑOZ URSUA, Aranoko gazteak

Lehen aldiz santioak antolatzeko lantaldean sartu dira, eta esperientzia ona izaten ari dela aitortu dute. Horri esker, «festak gehiago gozatzeko» aukera izaten ari omen dira.

Batak mendia, pala, futbola, eskalada eta musika ditu afizio, eta besteak musika eta lagunartea maite ditu. Irune Galparsoro Aierbe (Arano, 2006) eta Haizea Muñoz Ursua (Arano, 2007) dira, herrikideak eta lagunak. «Naturaz inguraturik dagoen herri lasaia eta ttikia» dela esanez aurkeztu dute herria; eta honela nabarmendu dute: «Ttikia denez, bertako biztanle guztiok elkar ezagutzen dugu eta horrek giro zoragarria sortzen du». Gazteek ere «talde ederra» omen dute: «Nahiko kuadrilla handia gara. 15 urtetik gorako 20 bat gazte gara eta denak elkarrekin ibiltzen gara. Aurten herriko ekintzetan parte hartzen hasi gara: inauterietan, festetan...».

Bata zein bestea Hernaniko institutuan ari dira ikasten eta biek zientzien adarra aukeratu dute. Aurrenekoa zientzietako Batxilergoa egiten ari da eta etorkizunean ere bide horretan segitu nahi du: «Nire asmoa fisika ikastea da. Muñoz, berriz, datorren ikasturtean hasiko da zientzietako Batxilergoarekin; baina «oraindik ez daukat argi zer ikasi».

«Festetan herritar guztiak elkartzen gara eta elkarrekin gozatzeko aukera izaten dugu»

Festei begira

Ikasturtea bukatuta, udako opor betean topatu ditugu egun hauetan bi gazteak, uztailaren 22tik 25era ospatuko dituzten herriko santio festei begira. Agerian utzi dute festak gustuko dituztela; «herritar guztiak elkartzen garelako eta elkarrekin gozatzeko aukera izaten dugulako». Gaineratu dutenez, «herritarren arteko harremanak eta gure artean sortzen den giroak egiten ditu festak berezi».

Aukeratzen hasita, kuttunena «lehen eguna» dutela onartu dute, «orduan egiten delako feria, gure ekitaldirik gustukoena. Herritar guztiak elkartu eta bakoitzak bere produktuak ekartzen ditu eta denok elkarrekin egoteko aukera izaten dugu. Izugarri gustatzen zaigu sortzen den giroa».

Aurtengoak «sekulakoak»

 «Betidanik» izan dituzte gustuko santioak, «beste herrietako festetara joaten garen arren, ez dago zure herrikoak baino hoberik». Eta haurrak zirenetik festak aldatu ote diren galdetuta, «aldaketa bakarra» azpimarratu dute: «arkume jatea. Lehen egiten zen eta orain ez». Gainerakoan, aurtengo festetarako bereziki gogotsu sumatu ditugu: «bi urtez ez dira festak egin eta lehengo urtean ahulagoak izan ziren. Uste dugu aurten sekulakoak izanen direla».

«Antolakuntza barrutik bizitzea aukera zoragarria da»

Antolakuntzan buru-belarri

Aurten festen beste alderdi bat ezagutzeko aukera izan dute Galparsorok eta Muñozek, koska bat gorago eginez, festak antolatzeko lantaldean sartu dira. Eta ez dira damutu, esperientzia aberasgarria izaten ari dela baitiote. «Festen atzean dagoen prestakuntza guztia nolakoa den ikusteko aukera izan dugu eta dena desberdin ikusten dugu. Oso pozik gaude gure iritzia emateko eta gure proposamenak egiteko aukera izan dugulako». Gisa horretara, «pixkanaka, gazteok ere gure lekua egiteko aukera dugu» eta hori txalotzekoa iruditzen zaie. Gehiago ere esan dute: «Antolakuntza barrutik bizitzea aukera zoragarria da eta festak gehiago gozatzeko aukera ematen du». 

Festei begira egin duten proposamenetako bat «umeentzako buruhandiak ateratzea eta altxorraren bila jolasa egitea» izan dira. «Gu ttikiak ginenean, buruhandiak izaten ziren eta oso ongi pasatzen genuen». Hori gogoan, azken urteotan galdu den ohitura berreskuratzea «dibertigarria» iruditu zaie. Ideia gehiago ere jarri dituzte mahai gainean, eta besteak beste, «herri afariaren ondoren bingoa egitea» proposatu zutela kontatu dute. 

Baina ekitaldi horietaz aparte, zer antolatuko ote lukete gustura? bi gazteek: «Oso gustura gaude festekin, baina amesten hasiz gero, gustuko dugun talde baten kontzertua eskatuko genuke». Horrekin batera, onartu dute «gazte gutxi elkartzen garela festetan, inguruko herrietako jendea ez baita etortzen».

«Aranoko festek duten xarma ez dute inon aurkitu»

Elkarlanaren garrantzia

Galparsoro eta Muñoz aurten sartu dira aurrenekoz festak antolatzeko lantaldean, baina horrek «festen atzetik lan asko dagoela eta lantaldea oso garrantzitsua dela» ohartzeko bide eman die. Horregatik, «garrantzitsua» iruditzen zaie «parte hartzaileak elkarrekin komunikatzea, erabakiak hartzea eta taldean lan egitea. Ez da erraza denak ados jartzea; beraz, ezinbestekoa da bakoitzak bere nahiei bakarrik begiratu beharrean, denon gustukoak diren festak antolatzea eta ideia berriak hartzeko zabalik egotea». Eta bide beretik, auzolanaren eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute: «herria elkartuz gero eta denok elkarrekin jardunez gero, festa ederrak egin daitezke».

Herritarrei eta bisitariei gonbidapena

Eta festen atarian, alde batetik, herritarrei egin nahi izan diete deia bi gazteek, «festaz gozatzeko eta ondo pasatzeko, horretarako baitira!». Eta bide batez, beste herrietara zabaldu nahi izan dute gonbidapena: «Aranoko festetara gonbidatuak daude, herri ttiki eta eder honek duen xarma ez dute inon aurkituko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun