Karlos Agirrek botako du Leitzako pestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 26a, 13:00
Karlos Agirre Zubitur.

Leitzarren gehiengoak Aurrera elkarteko Karlos Agirre lehendakari ohia aukeratu du pestetako txupinazoa botatzeko. Joan den astean egindako bozketan, 243 herritarrek Internetez eta 70ek paperean eman zuten botoa.

Herritarrek proposatutako izenen artean, Leitzako pestetako txupinazoa botatzeko hiru hautagai aukeratu zituen Leitzako Pesta Batzordeak: Karlos Agirre Aurrerako lehendakari ohiarekin batera, Atekaberts bertso eskola eta Kaxkabeltza merkatarien elkartea. Horien artean, Agirreren proposamena aukeratu dute.

Urte luzetan izan da Karlos Agirre Zubitur Aurrera elkarteko lehendakari. 1972an izendatu zuten aurreneko aldiz lehendakari eta geroztik askotan izan du ardura. 2019an egin zion elkarrizketa TTIPI-TTAPAk Karlos Agirre Zubiturri eta honela aitortu zuen: «Nik neronek ez dakit zenbat urte daramatzadan presidente karguan, 20 urte baino gehiago bai. 2004az geroztik ni naiz lehendakaria, baina aurretik beste hiru edo lau aldiz izana naiz. Urte asko dira, eta tartean, gorabeherak eta disgustuak izan ditugu, erabakiak hartu beharrak eta haserreak, baina horien gainetik dago elkarteak eman didan guztia».

Miresmenez eta harrotasunez mintzatu zen Aurreraz. Eta erreleboa emanen ote lukeen galdetuta, honela erantzun zuen: «Orain jubilatua naiz eta denbora badaukat, baina gorabehera handiak izan ditugu. Bizpahiru momentutan, elkartea ixteko arriskuan egon zen inor aurkeztu ez zelako eta hori ikusita berriz sartu nintzen. Aurrera Elkartearekiko dudan sentimendua berezia da, beti hemen ibili naiz, eta ez badu beste inork segitu nahi nik ez dut aise utziko. Hala ere, bi urtetik behin egiten ditugun hauteskundeetara talde polita aurkezten bada, ni erreleboa emateko prest nago». Eta hala izan da, aurten Julian Zabaleta Zabaletak hartu baitio lekukoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun