Julian ZABALETA ALDUNTZIN

«Aurrera elkarteak Leitzako bihotzean ditu erroak»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 11a, 09:00

Julian ZABALETA ALDUNTZIN, Leitzako Aurrera elkarteko lehendakaria

2006az geroztik Aurrera Kirol Elkarteko lehendakariorde karguan aritu da Zabaleta. Berriki, berriz, Karlos Agirreren lekukoa hartuz, lehendakari kargua hartu du.

Hamazazpi urte daramatza Julian Zabaleta Alduntzinek (Leitza, 1978) Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritzan. Bada zerbait. Urte luzez izan duen ardurak, ordea, ez dio itzali lanerako gogoa. «Saltsan» ibiltzea maite duela dio, eta «auzolanean herriaren alde» aritzeak asebetetzen du. Hizketan hasi orduko agerikoa da Aurrera elkartearekin duen lotura berezia dela, miresmenez mintzo baita. Eta zuzendaritzan jende berria sartuta, ilusioz hartu du elkarteko lehendakari kargua. 

Aurrera ez da atzo sortutako elkartea. Bide luzea egiten ari da... 

Bai. Aurrera Kirol Elkarteko estatutuak 1971n sinatu zituzten, baina hamarkada batzuk lehenago bazen mugimendua; herriko hainbat boluntario kirolean nahiz kultura auzolanean aritzen ziren. Horri segida emanez sortu zuten elkartea. 70eko hamarkadatik herriko bazkide asko pasatu dira zuzendaritzatik, eta tartean, urte luzez Karlos Agirre izan da lehendakari, momentu onetan eta zailetan bere hoberena emanez. 

Zein izan zen zure lehenbiziko harremana elkartearekin? 

Urte mordoxka pasatu dira bazkide sartu nintzenetik, 19-20 bat urterekin izanen zen. Eta 2006an zuzendaritzan sartu nintzen, Karlos Agirre lehendakari zela. Zuzendaritza berririk ez bazen, Aurrera itxiko zela esan zuen irratian eta horrek jendea mugiarazi zuen. Aurrera ixteak komisio guztiak bertan behera geldituko zirela esan nahi zuen, eta nik uste mezu hark beldurtu gintuela. Normalean batzarretara hamar bat lagun joaten dira; bada Karlosek adierazpen horiek egin ondoren, 60-80 lagun bildu ginen batzarrean. Aurrerako goiko aretoa bete-bete egin zen. Egoera ikusita, han geunden batzuek zuzendaritzan sartzeko pausoa eman genuen. Geroztik urteak joan dira eta Karlos eta biok jende askorekin aritu gara zuzendaritzan, bera lehendakari eta ni lehendakariorde. 

«Herriko hainbat eragileren kasuan ere, ardurak hartzea kosta egiten da»

Zergatik ez du inork lehendakari izan nahi? 

Hori ez da Aurreran bakarrik pasatzen. Herriko beste hainbat eragileren kasuan ere ardurak hartzea kosta egiten da. Bertan lanean aritzea baino errazagoa da kanpotik antolatutakoa ikustea edo besteek antolatutakoan gozatzea. Aurreraren kasuan, elkarteak 390 bazkide ditu, denek izan dute zuzendaritzan sartzeko aukera, baina... Zuzendaritza berritzeko hainbat ate jo ditugu, jendea animatzen saiatu gara. Azkenean jende gaztea sartu da, eta eskertzekoa da. Ideia fresko eta berritzaileak ekarri dituzte, lanerako gogoarekin ikusten dira eta asko eskertzen diet.

Eta azkenean lehendakari kargua hartu duzu... 

Egia esan, orain arte inoiz ez diot neure buruari lehendakari izatea planteatu. Aurreratik kanpo beste ardura batzuk izan ditut, Alke kultur taldean edota udaleko kultur zinegotzia izanda, besteak beste. Hortaz, nirea gehiago izan da atzeko lana, amaraunak jostearena eta egiari zor, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin lehendakari izateko aukera. Aldi honetan horrela tokatu da, eta lanerako gogoarekin nago.

«Auzolanean herriarengatik eta herritarrekin batera egiten duzun lana da herrigintza»

Udalean, guraso elkartean, Aurreran, Alken... Han eta hemen zurea emanez. Hori da zure ustez herrigintza? 

Herrigintza auzolanean herriarengatik eta herritarrekin batera egiten duzun lana da, eta aipatutakoak, noski, herrigintzaren parte dira. Are gehiago, herrigintza sortzeko, ezinbestean,  eragileen beharraz hitz eginen nuke. Eragilerik gabe ez baitago eragiterik.

Zer sentitzen duzu? 

Talde bikaina osatu dugu, lanerako prest gaude eta elkartu garenak ez gara geldirik egotekoak; saltsa maite dugu. Taldean elkartu garenoi ikuskizunak, hitzaldiak, azokak eta bestelako hitzorduak antolatzea gustatzen zaigu. Horrelakoek herria aberasten dutela uste dut eta hasi berri dudan aldi honetan nire ehuneko ehuna emateko gogotsu nago.

Aurrerak 390 bazkide dituela aipatu duzu, biztanleriaren % 13 da. Kopuru polita da, ez? 

Bai, adin eta belaunaldi askotako bazkideak gara, gehienak Leitzan bizi arren, badira kanpoan bizi eta bazkide diren gutxi batzuk ere. Gure erronketako bat bazkide kopurua igotzea da. Gaur egun, guraso asko bazkide egin dira haurren urtebetetzetako meriendak antolatzeko txokoa izateko, eta badira denbora librea bertan pasatzeko bazkide diren gazteak ere, edota Aurrerarekin sentimendu berezia dutenak. Batzuk elkartearen sorreratik bazkide dira eta urteak daramatzate elkartera sartu gabe, baina militantziagatik hortxe segitzen dute. Badakite hilabeteroko kuota sinboliko bat ordainduta, ekarpen bat egiten ari direla, horri esker Aurrera bera eta hainbat proiektu martxan izanen direla. 

Gaur egun, zer martxa du elkarteak? 

Nahiz eta askorentzat Aurrera eraikina soilik izan, pisu haundiko elkartea da, eta hori bazkideen militantziari esker da. Hainbat komisio ditu Aurrerak: dantza taldea, pilota eskola, Leitzako konpartsa, txirrindularitza taldea, futbol taldea, mendi bizikleta taldea eta etxeko komisioa. Mendi Taldeak eta kroseko komisioak historia luzea badute ere, azken urte hauetan berrantolatzen ari dira. Bestalde, etxeko komisioak inauteriak, San Juan bezperako ekitaldia, Eguberriak eta pestak antolatzen ditu. Hori dena martxan izateko ezinbestekoak dira Aurrera elkartean sartzen diren diru iturriak: udalaren laguntza, herriko merkatariena eta enpresena, bazkideena, elkarteko erabilera eta zeharka bada ere, komisioek antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzen dutenen kuota. 

Elkartea indartzen ari da? 

Bai. Momentuz oso egoera onean ikusten dut. Bazkide kopurua gora doa eta jende gaztea sartu da. Eraikinaren erabileraren aldetik, hainbat eta hainbat hitzordutarako erabiltzen da, gero eta gehiago, eta zaila izaten da libre dagoen egun bat harrapatzea. Bertako komisioak ere indartsu ikusten ditut, eta bereziki, dantza taldea eta pilotako eta futboleko batzordeak oso indartsu daude. Jende asko da komisioetan parte hartzen duena, baita  eguneroko lanean ari dena ere. Azken urteotan beste komisio batzuk ere martxan jarri dira, erraldoi eta buruhaundiena, adibidez, eta Leitzan eta Leitzatik kanpo ibiltzen dira. Bestalde, azken urte pare batean, kroseko komisioak, mendi bizikletakoak eta Mendibil Mendi Taldeak pandemiaren ondorengo geldialdia izan dute, baina berriz mugitzen hasiak dira. Kroserako jende gaztea sartu da eta datorren urtean krosa antolatzeko asmoa dute. Mendi bizikleta taldea ere martxan da eta BTT proba antolatuko dute. Mendi taldean ere jende berria sartuta, martxan jartzekoa da helburua. Beraz, aldaketak izan dira hainbat komisiotan, hala nola, aurpegi berriek ardurak hartu dituzte eta hori osasuntsu egotearen adierazle argia da.   

«Aurrerak ekarpen haundia egiten dio herriari»

Nola ekarpena egiten dio herriari?

Herrian inork ez du zalantzan jartzen Aurrerak duen lekua. Kultura, kirola, pesta eta auzolana dira leitzarren nortasunaren ardatz. Horrela hasi zen Aurreraren ibilbidea eta bide horretan segitzen du. Aurrerak ekarpen haundia egiten dio herriari. 

Zein dira Aurrera Elkarteko zuzendaritza berriaren errokak eta lehentasunak?

Elkartea bera indartu eta jendea Aurrerarekin harro sentitzea nahi dugu. Bide beretik, gero eta bazkide gehiago bildu eta komisioen etorkizuna bermatu nahi dugu. Horrez gain, gaur egun gizartean dauden teknologietara egokitu behar dugu, sare sozialak indartuz eta elkartea ikusgarriago eginez. Herriari ekarpena eginez eta herritarren topagune izaten jarraituko du Aurrerak. 

Nolako etorkizuna ikusten diozu?

Etorkizuna bermatua du. Aurreran ari garen guztiak, izan zuzendaritzan edo izan komisioetan, denak gure borondatez ari gara lanean. Auzolana dugu oinarri, herrigintzan ari gara eta hori sustatu nahi dugu. Izugarria da auzolanean jendeak nola lan egiten duen ikustea, eta nahiz eta zuzendaritza berritzea kostatzen den, uste dut etorkizunean jarraipena izanen duen proiektua dela, Aurrerak erroak Leitzako bihotzean baititu.

 

Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritza berritua

Hainbat deialdi egin ondoren, apiril bukaeran berritu zuten Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritza. Urte luzez lehendakaria izan den Karlos Agirrek kargua utzi du, baita Amaia Azpirotz diruzainak eta Oihana Saez idazkariak ere. Julian Zabaleta, berriz, orain arte lehendakariorde izan da eta lehendakari izatera pasatu da. Berarekin batera, Mikel Astibia da lehendakariordea orain; Ainara Saralegi diruzaina eta Nekane Garrido, berriz, idazkaria. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun