«Mugimendu handia du Aurrerak eta horri eutsi behar diogu»

G.PIKABEA 2019ko urr. 3a, 13:00
20 urte baino gehiago daramatza Karlosek Aurrerako zuzendari karguan.

Karlos AGIRRE ZUBITUR / Leitzako Aurrera Elkarteko Lehendakaria
Aurrera Kirol Elkartea formalki 1972an eratu zen, nahiz eta aurretik ere bazuen martxa. Orduan sartu zen lehendakaritzan Agirre eta geroztik 20 urte baino gehiagotan ardura horretan aritu da

Miresmenez eta harrotasunez mintzo da Leitzako Aurrera Kirol Elkarteaz, berezia eta estua baita harekin duen harremana. Karlos Agirre Zubitur Gazteluk (Leitza, 1948) orduak, egunak eta urteak pasatu ditu elkartean sartuta, eta atera ezinik segitzen du oraindik. Gutxi izanen dira Leitzako elkartearen martxa berak adina ezagutzen dutenak. Ez zaio horretarako motiborik falta; 20 urte baino gehiago daramatza elkarteko lehendakaritzan, hiruzpalau aldiz; berak ere ez daki zenbat, eta erreleboa hartzeko «prest» dagoela aitortu badigu ere, lotura hain handia izaki, garbi dio «ez badu beste inork segitu nahi, ez dut aise utziko».  
Ibilbide luzea du Aurrera Kirol Elkarteak. Azaldu... 
Oso historia luzea du eta zaila da elkartea noizkoa den zehatz jakitea. Ofizialki, 70eko hamarkadan eratu zen, baina dokumentu zaharrei esker elkartea lehenagokoa dela badakigu. Elkarteari buruzko detaile asko ageri dira agiri zaharretan. Adibide gisa, 1930eko futbol taldearen argazkiak badira, 1948ko pestetan Aurrerak 4.300 pezeta ordainduta zezenak ekarri zituzten Debatik, 1949an zezenentzat 224 kilo belarren truke 260 pezeta ordaindu zituen eta 1951eko pestetan Aurrerak antolatutako bazkarian 128 lagun bildu ziren 43 pezetaren truke. 1955ean, berriz, Anaitasuna peñako bat pestetan zezenak harrapatu zuen eta Aurrerako kideen aldetik jasotako tratua eskertzeko Anaitasunakoen gutuna ere bildua dugu. Andres Irisarri maisua zen orduko lehendakaria, Leitzako alaba batekin ezkondua. Formalki, ordea, elkartea 1972an sortu zen. 15 laguneko taldea bildu eta Jose Mari Sagastibeltza orduko alkatearen bitartez, baimen guztiak eskuratu eta estatutuak onartzea lortu genuen.   
1972an, zu izan zinen lehenbiziko lehendakaria. Orduko nolako oroitzapenak dituzu? 
Ez genuen lokalik eta orain dugun eraikineko bajera errentan hartu genuen. Hor moldatzen ginen eta pixkanaka-pixkanaka handitzen hasi ginen. Eraikin horretako etxekoandrea hil zenean, etxea erostea pentsatu genuen eta 1987an, hiru miloi pezetaren truke, hiru solairuko eraikina erosi genuen. Baina dena berritzeko zegoen eta horretarako dirua biltzeko,  1988ko ekainaren 5ean, 160 leitzar aizkolari elkartu genituen garai hartako Larbando futbol-zelaian aizkoran aritzeko. Ederra izan zen hura, auzolanaren emaitza. 80 urtetik gorakoak eta gaztetxoak aizkoran elkarrekin ikusi genituen. Jende asko bildu zen eta orduko oso oroitzapen ona daukat. Udalak egurrak jarri zizkigun, saralegitarrek laguntza handia eskaini ziguten egurrekin eta jendeak auzolanean parte hartu zuen. Elkartea fundamentuz jartzeko hura izan zen bitartekoa. Bildutako diruari esker, 810.420 pezetaren truke, obretako proiektua ordaintzea lortu genuen. Eraikina goitik behera berritu genuen, eta hasieran, normala den bezala, diruz justu ibili ginen arren, denborarekin buelta eman genion. Orain hiru solairuko eraikina dugu, dena berritua. 

Nolako martxa du gaur egun? 
Mugimendu handiko elkartea da. 360 bazkide gara eta poliki-poliki berriak etortzen ari dira. Horrez gain, batzordeetan antolatuak gaude. Alde batetik, pilotako batzordea dugu eta aipatzekoa da, aurten neska asko animatu direla. Gainera, aurten Elkarpelotak zentroak esku pilota sustatzen urteetan egin duen lanagatik saria eman dio Aurrera pilota eskolari. Futbolean eta areto-futbolean ere hainbat talde ditugu eta dantza taldeak ere ibilbide luzea du. Bateko eta besteko, 300 bat neska-mutiko mugitzen dira. Mendi-bizikleta eta mendi taldeen batzordeek ere martxa polita dute. Etxeko komisioa, besteak beste, Aurrera Egunaz, tabernako martxaz edota pestetako programa banatzen dutenen bazkariaz arduratzen da; pesta batzordean ere sartuak gaude eta Eguberrietako komisioan ere hainbat lan egiten ditugu. Berriki, batzorde berriak ere sortuak ditugu. Erraldoi eta buruhandien konpartsa orain antolatu dugu eta horrez gain, aurten, aurreneko aldiz, emakumezkoen eskubaloi taldea atera dugu. Hasiera hartan, Andres Irisarri lehendakari zela, pesta, dantza eta futbolaren inguruan mugitzen zen Aurrera, eta denborarekin, pixkanaka-pixkanaka, gainerako komisioak sortu dira. Oso kontentu gaude elkarteak gaur egun duen mugimenduarekin, batzordeetan herritar asko ibiltzen dira. Martxarik ez zaio falta; gure betiko arazoa bestelakoa da, inork ez du lehendakari izan nahi.
Lan handia delako? 
Lana eta ardura dela esanen nuke. Nik neronek ez dakit zenbat urte daramatzadan presidente karguan, 20 urte baino gehiago bai. 2004az geroztik ni naiz lehendakaria, baina aurretik beste hiru edo lau aldiz izana naiz. Urte asko dira, eta tartean, gorabeherak eta disgustuak izan ditugu, erabakiak hartu beharrak eta haserreak, baina horien gainetik dago elkarteak eman didan guztia.  

«Berezia izanen da urriaren 5ean eginen dugun Aurrera Eguna»


Erreleboa emanen zenuke? 
Orain jubilatua naiz eta denbora badaukat, baina gorabehera handiak izan ditugu. Bizpahiru momentutan, elkartea ixteko arriskuan ere egon zen inor aurkeztu ez zelako eta hori ikusita berriz sartu nintzen. Aurrera Elkartearekiko dudan sentimendua berezia da, beti hemen ibili naiz, eta ez badu beste inork segitu nahi nik ez dut aise utziko. Hala ere, bi urtetik behin egiten ditugun hauteskundeetara talde polita aurkezten bada, ni erreleboa emateko prest nago. 
Zein dira diru-iturriak? 
Bazkideek hilabetean sei euroko kuota ordaintzen dute, eta komisioetan daudenek hiru euro. Hortik aparte, Udalak urtean 6.000 euroko dirulaguntza ematen digu eta guretzat oso garrantzitsua da. Inauterietako eta pestetako diru bilketarekin eta inauterietan eta pestetan tabernatik dirua ateratzen dugu. Kirol hitzorduak eta bestelako ekitaldiak antolatzen ditugunean, herriko komertzioek asko laguntzen digute eta hori ere eskertzekoa da. 
Urriaren 5ean Aurrera Eguna ospatuko duzue... Berezia izanen da aurtengoa... 
Bai. Aurten 31 urte beteko dira elkartearen eraikineko obretako proiekturako dirua biltzeko aizkora saio  hura antolatu genuenetik, eta aizkoran aritu zirenei eta beraien senideei esker ona adierazteko oparitxo bat banatuko diegu. Gainerakoan, batzordeekin elkarlanean egun osoko egitaraua antolatu dugu. 
Elkartearen etorkizuna nola ikusten duzu? 
Ona, dudarik gabe. Edozein momentutan, gazte kuadrilla bat zuzendaritzan sartuko dela pentsatu nahi dut, ideia berriak sartu eta berritzea beti ona baita. Bitartean, ahal duguna egiten saiatuko gara. Elkartea oso ongi doa, herritar askoren bilgune da, eta ezin dugu hori galdu; horri eutsi behar diogu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun