Bada argazkietan arreta ematen duen kontu bat. Goiak berak nabarmendu du aurreneko argazkiari erreferentzia eginez: «Begira eskaileran puntatik txondorraren puntara zer distantzi zegoen –ezkerreko irudia– eta begira bestean –eskuineko irudia– zenbat bajatu den».
Ekitaldi berezia
Ekitaldi berezia egin zuten ekainaren 3ko Txondor Egunean. Irrintzi eta txalaparta doinuekin hasi, eta Goizuetak txondorrarekin izan duen harremana agerian utzi nahi izan zuten. Goiak TTIPI-TTAPAri kontatu zionez, «ikatza oso aspalditik izan da gure mendietan. XIV. mende erdi aldetik XIX. mendi erdi aldera arte, Goizueta inguruan, zortzi kilometroren barrenean, 25 bat burdinola izan ziren martxan minerala urtu eta burdina lortzeko. Horien hauspoek sua indartsu mantendu behar izaten zuten, eta horretarako, ikatza behar zuten».
Gaineratu zuenez, «gure mendiak txondorrez beteta egon dira eta oraindik ere gure mendietan nonahi ikusten dira txondor plazak eta transmotxatutako haritzak eta pagoak». Eta badira datuak ere: «Arranbideko burdinolak 10.000 karga ikatz gastatzen zituen urtean. Karga bat 115 kilo dira, hau da, 1.150.000 kilo ikatz behar zituen Arranbideko burdinolak. Eta ikatz hori lortzeko lau aldiz egur gehiago behar dira, hau da, 5.000.000 kilo egur».
Ekitaldian Ane Taberna Etxeberriak ere parte hartu zuen. Garai bateko ikazkinen bizimodua eta Goizuetako inauterien ikurra den Zahagi Dantzaren jatorria kontatuz, Ni ez naiz zomorroa ipuina argitaratu berri du Tabernak, eta lau bat ume suaren bueltan jarrita, istorio horixe gogoratu zuen: «Ikazkin bat herrira jaitsi omen zen, ardo gehixko edana omen zuen eta aurpegi zikinarekin herriko jendea izutu omen zen. Zirikatzen hasi omen zen eta herriko jendeak elkartuta makilekin erantzun omen zion. Horixe da Zahagi Dantzak irudikatzen duena». Zahagi dantzarekin borobildu zuten Txondor Eguneko hitzordua.