Txondorra piztuta, hura zaintzen segituko dute ondoko egunetan Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 16:30

Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin batera, larunbatean, I. Txondor Eguna egin zuten Goizuetan. Hitzordu berezia izan zen, eta antolatzaileak eta herritarrak gustura gelditu ziren. Txondorra biztuta, ondoko 15-20 egunetan zaintza lanetan segituko dutela kontatu dio txondorgileen taldeko Fernando Goiak TTIPI-TTAPAri. Ikusi bideoa albiste barrenean.

Argazkiak eta bideoa: Goizuetako Txondorgileak eta Felix Loiarte.

«Zerbait berezia eta polita egin nahi genuen, eta dena arrunt ongi atera zen. Herritarrak ere oso gustura gelditu ziren, eskerrak emanez aritu zaizkigu, eta gu pozik». Hitz horiexek erabili ditu Txondorgileen Taldeko Fernando Goia goizuetarrak larunbateko I. Txondor Egunaren balorazioa egiteko eskatuta.

Irrintziek eman zioten hasiera Txondor Eguneko ekitaldiari. Ondoren, txalaparta doinuek segitu zuten eta Goizuetak txondorrarekin izan duen harremanaren berri eman zuten segidan. Izan ere, Goiak kontatu duenez, «ikatza oso aspalditik izan da gure mendietan. XIV. mende erdi aldetik XIX. mendi erdi aldera arte, Goizueta inguruan, zortzi kilometroren barrenean, 25 bat burdinola izan ziren martxan minerala urtu eta burdina lortzeko. Horien hauspoek sua indartsu mantendu behar izaten zuten, eta horretarako, ikatza behar zuten».

Eta azalpen guztiak antzerkiarekin uztartuz eman zituzten. «Txondorrak taldean egiten zituzten, batzuk trontzan aritzen ziren, besteak aizkorarekin, besteak egurra pilatzen, talde bat txondorra muntatu eta pizteaz arduratzen zen, hura eginda beste toki batera joanen zen, beste bat zaintzen ariko zen... Eta hori irudikatu nahi izan genuen larunbatean».

Gaineratu duenez, «gure mendiak txondorrez beteta egon dira eta oraindik ere gure mendietan nonahi ikusten dira txondor plazak eta transmotxatutako haritzak eta pagoak». Eta badira datuak ere: «Arranbideko burdinolak 10.000 karga ikatz gastatzen zituen urtean. Karga bat 115 kilo dira, hau da, 1.150.000 kilo ikatz behar zituen Arranbideko burdinolak. Eta ikatz hori lortzeko lau aldiz egur gehiago behar dira, hau da, 5.000.000 kilo egur».

Iñigo Elizegik piztua

Aurtengoa aurreneko Txondor Eguna izan bada ere, 2011n ere beste bat egin zuten Goizuetan, azaroko feriari lotuta. Aurten zortzi bat tona egur erabili omen dituzte, baina Goiak gogoan du, 2011n askoz haundiagoa egin zutela: «Oraingoaren doblea egin genuen, eta 28 egunez egon zen piztua».

Bestalde, «orduan txondorra egiten ibili ginenok hitz eman genuen hurrengoa Iñigo Elizegi –orduan preso zegoen– herrira etortzean zen piztuko zela». Eta hala izan zen, Iñigo bera izan baitzen larunbatean txondorra piztu zuena. Gehiago ere bai: «2011ko ikatzarekin eta lehengo urtean Antzin herrian egindako ikatzarekin piztu zuen».

Antzinekin senidetuta

Txondorra tarteko, Antzin herriarekin senidetua da Goizuetako herria. «2011n Antzin herriko txondorgile bat, Karlos, Goizuetara etorri zen, prentsaren bidez Goizuetan txondorra egitekoa genuela jakin zuenean. Berak kontatu zigun beraien aurrekoak, garai batean, Artikutzara etortzen zirela txondorra egitera eta sei hilabete pasatzen omen zituzten hemen txondorra egiten». Larunbatean ere bertan izan zen Antzingoa, laguntzeko prest.

Eta Karlosi esker oneko hitzak eskaini ondoren, Ane Taberna Etxeberriak hartu zuen lekukoa. Garai bateko ikazkinen bizimodua eta Goizuetako inauterien ikurra den Zahagi Dantzaren jatorria kontatuz, Ni ez naiz zomorroa ipuina argitaratu berri du Tabernak, eta lau bat ume suaren bueltan jarrita, istorio horixe gogoratu zuen: «Ikazkin bat herrira jaitsi omen zen, ardo gehixko edana omen zuen eta aurpegi zikinarekin herriko jendea izutu omen zen. Zirikatzen hasi omen zen eta herriko jendeak elkartuta makilekin erantzun omen zion. Horixe da Zahagi Dantzak iruditzen duena».

Eta hain egun berezian, ezin alde batera gelditu Zahagi Dantza. Tabernak istorioa kontatzetik bukatuta, trikitixa eta korneta hotsak nagusitu ziren eta han agertu zen Zahagi Dantza dantzatzen talde bat. Ordurako txabolara sartua zen beste taldea ere Zahagi Dantzarako prestatu zen, eta elkarrekin aritu ziren.

Zaintza lana

Txondorra piztuta, orain zaintza lanetan ari dira Goizuetako txondorgileak. Goiaren arabera, «txandak eginez, batzuk gauez, besteak egunez... Egunak 24 ordu ditu eta 24 orduz zaindu behar da. Hori da gogorrena». 15-20 bat egunez egin beharko dituzte zaintza lanak.

Eta hortik haratago, txondorraren bueltan herrian sortu den «giro ederra» nabarmendu du Goiak: «Batzuk 2011n aritutakoak ginen, baina horiez gain, gazteak ere bildu dira. Hainbat kuadrillatako jendea bildu gara eta oso giro polita izan dugu». Eta jaso duten laguntzaz ere ez da ahaztu: «Goizueta Udalak, Kultur Taldeak, Elama garraio enpresak eta Umore Onak elkarteak lagundu digute».

Etorkizunera begira, argi utzi du «berriz txondorra eginen dugula». Noiz izanen den, ordea, ez du argitu: «Antzinen bi urtetik behin egiten dute, baina honek nekatu egiten du, lan haundia eskatzen du, eta igual lau urtetik behin egitea planteatzen ari gara. Seguru eginen dugula, baina noiz ez dakigu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun