Mendialdea elikadura

Txondor Eguna ere ospatuko dute Goizuetan larunbateko Mendialdeko azoka ibiltarian

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 31a, 14:00

Eguzkitan edo euripean, goizuetar kuadrilla ederra ibili da txondorra prestatzen. Argazkia: Igor Elizegi

Mendialdeko Azoka Ibiltariak Goizuetan eginen du geldialdia larunbat honetan, ekainaren 3an. Aurreko edizioetan bezala, elikagai ekoizle eta artisauen bilgune bilakatuko da herri ingurua, baina ez da egun horretako hitzordu bakarra izanen. Lehendabiziko aldiz Txondor Eguna antolatu dute herriko txondorgileek.

26 postu azokan

10:30ean zabalduko dute azoka ibiltaria eta herrian barrena hamahiru elikagaien postu eta beste horrenbeste artisauen postu jarriko dituzte. Tartean herritarrak ere izanen dira: Domiñako betizu haragia, Juli Zubiriren barazkiak, talogileak, Txirikorda osagarriak eta bitxiak, Kontxiren ukenduak, Belen Apezetxearen margo lanak,

Arrate Etxeberriak kakorratzarekin egindako lanak, Garbiñe Etxeberriaren egurrezko tailak, Ane Tabernaren ipuinak eta Eneko B. de Quirosen armarriak eta koadroak. Horiek eta inguruko eta Nafarroako beste hainbat ekoizlek eta artisauk 14:00 arte edukiko dute beraien mahaia.

I. Txondor Eguna

Mendialdeko Azoka Ibiltariaren Eguna Txondor Eguna ere izanen da. Hala, 12:15ean, aurreko asteburuetan prestatutako txondorra piztuko dute eta horrekin lotuta, ekitaldi berezia eginen dute. Herriko txondorgileek antolatu dute, udalaren, kultur taldearen, Elamaren eta Umore Ona elkartearen laguntzarekin.

Hitzordua borobiltzeko mahaiaren bueltan bildu eta herri bazkaria eginen dute. Bazkarirako txartelak Amaiarenean eta estankoan 20 eurotan jarriak dituzte salgai.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun