Zentral eolikoak eskualdean

Arano, Goizueta eta Hernanin zentral eolikoa egin nahi duen enpresak konexio baimena lortu du

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 20a, 12:00

Argazkia: Sustrai Erakuntza Fundazioa.

Sustrai Erakuntza Fundazioak jakinarazi duenez, «ehun megawatt inguruko instalazioa» izanen litzateke Goizueta, Arano eta Hernaniko lurretan egin nahi duten proiektua, orain arte Euskal Herrian 50 megawattetik beherakoak edo ingurukoak izan direla kontuan hartuz, bereziki haundia. Enpresa pribatua da proiektuaren bultzatzailea eta Sustraik baieztatu duenez, sare elektrikora konektatzeko baimena lortu du.

Atzo zabaldu zuen TTIPI-TTAPAk enpresa pribatu batek Goizueta, Arano eta Hernani artean neurri haundiko poligono eoliko bat eraiki nahi duela, Sustrai Erakuntza Fundazioak horren berri emanez prentsa oharra zabaldu ondotik. Fundazioak gaineratu duenez, kasu honetan, Espainiako Gobernua ari da proiektua tramitatzen, «azpiegituraren tamainagatik eta bi autonomia erkidegori eraginen dielako».

Goizueta eta Aranoko udalei ez diete komunikaziorik bidali

Gaiaren harira, Unai Miranda Goizuetako eta Joxan Ruiz Aranoko alkateekin mintzatu da TTIPI-TTAPA, eta biek adierazi dute oraindik ez dutela proiektuaren inguruko informaziorik hartu; jakin dutena prentsaren bidez ikasi dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun