Azken boladan eolikoen gaia pil-pilean dago eskualdean. Madrilgo Zelena Renovable enpresak bi zentral eoliko egin nahi ditu eskualdean. Azkua proiektua Etxalarren, Igantzin, Arantzan eta Sunbillan eta Irakurri proiektua Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaiengo lurretan. Ez hori bakarrik. Sortuko lukeen energia sarera konektatzeko baimena lortu du eta horretarako fidantza edo berme ekonomikoa ere ordaindu du. Horrez gain, Elicio izeneko enpresa batek bertze proiektu bat du esku artean Zubieta aldean, eta Zubietako Udalarekin harremanetan jarri da.
Sustrai fundazioa: «Hedapen berriztagarri horrek ez du gizarte premiei erantzuteko beharrezkoa den plangintza demokratikoarekin zerikusirik»
«Hedapen berriztagarri horrek gizarte premiei erantzuteko beharrezkoa den plangintza demokratikoarekin zerikusirik ez duela» salatu du Sustraik: «zenbat energia behar dugun, zer motatakoa, non, nork hornitu eta kudeatu behar duen». Eta, aldi berean, «energia fosilaren kontsumoa aurrezteko eta murrizteko neurriekin batera etorri behar duela» nabarmendu du, eta hori guztia «biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz».
Orain arte Nafarroako egindakoaren balantzea «kezkatzekoa eta aztoratzekoa» dela adierazi du. «Proiektuen hedapen desordenatuen ondorioz, laborantzako eta biodibertsitateko milaka hektarea galtzen ari dira». Eta Nafarroan «azken aberrazioa» Adiosen egin nahi duten parke fotovoltaikoa dela aipatu du: «Parke fotovoltaiko horren ondorioz, laborantzarako lursail gehienak okupatuko lirateke». Azaldu duenez «Nafarroako Energia Planean ezarritako instalazio berriztagarrien helburuak bete diren arren, instalatutako egungo potentzia bikoiztuko duten baimenak ematen segitu dute. Datu horrek talka egiten du Nafarroako kontsumo elektrikoaren urtez urteko beherakadarekin, energia fosilen kontsumoari eusten zaion bitartean eta C02 emisioak handitzen diren bitartean».
Egoeraren aitzinean, «Nafarroako Gobernuaren miopia energetiko eta klimatikoa» kritikatu du Sustraik, eta horrek eta «isiltasun eta eztabaida politiko faltak, multinazional energetikoak elikatzen dituela» gaitzetsi du, eta hori, «gehiengo sozialaren interesen eta lurraldearen jasangarritasunaren aurka».
Hala, «lanean eta mobilizatzen segitzeko» deia egin du Sustraik. «Ez zaigu arrazoirik falta krisi globalaren aurrean alferrikakoak diren erabaki politiko eta ekonomikoei aurre egiteko eta, berandu baino lehen, hori egiten uzten badugu amildegiaren ertzean jarriko gaituzten irteera faltsuak salatzeko».