Milioi bat eurotik gorako inbertsioak aurreikusi ditu Leitzako Udalak aurten

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 12a, 15:00

Leitzako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, «inbertsio gehienak dirulaguntzekin» finantzatuko ditu. 2.960.732 euroko aurrekontuari hasierako onarpena eman dio, baina laster aurrekontu aldaketa eginen du: «ur bilketa eta goi hornidurako hoditeria berritzeko proiektu garrantzitsua sartuko baita». Proiektua amaitzen ari dira eta 600.000 eurotik gorakoa izanen denez, berriki onartutako aurrekontuei kopuru hori gehituko dio.

Ur bilketa eta goi hornidurako hoditeria berritzeko proiektua

Udalak datorren urtean eginen duen «inbertsio nagusia» altako ur hornidurarekin lotutakoa izanen da. Azaldu duenez, «hartunea eta eroanbidea berritu ondoren, udalerriko edateko uraren hornidura estazioa hobetzeko lanak» egitea aurreikusi du. Lan horiek Nafarroako Gobernuaren Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen parte dira, eta % 80ko dirulaguntza izanen dutela dio udalak.

Gaineratu duenez, momentu honetan, Gorriztaran auzoko Gazpillo iturburuaren eta EUTEaren (Edateko Uren Tratamendu Estazioa) artean ur bilketa eta goi hornidurako hoditeria berritzeko proiektua amaitzen ari dira, eta urteko lehen hiruhilekoan aterako du udalak lizitaziora. EUTEko lanen proiektua, «batez ere erabat estaltzean oinarritua», jarraian eginen dute.

Gisa honetara «horniduraren eraginkortasuna hobetuko» delakoan dago udala, «ur ihesak saihestuko baititu, eta edateko kalitatezko ur nahikoa epe luzerako ziurtatuko da udalerri osoarentzat».

Mimukai

Mimukai zentroarekin ere aurrera jarraitzen du, eta aurtengo lehen seihilekoan irekitzeko asmoa du. Udalak bulegoak erosi ondoren, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen bati esker egokitzapen lanak egin zituzten, eta hala, Mimukai proiektuaren lehen fasearekin hasiko da, hau da, bulegoekin. Bulego horiek hainbat erabileratarako izanen dira: ekintzaileentzako eta enpresa sortu berrientzako bulego pribatuak, coworking gune bat, prestakuntza gela bat, bilera eta sormen gela, Cederna Garalur elkarteko garapen agenteen bulegoak, eta garapen sozioekonomikoarekin zerikusia duten eskualdeko elkarteentzako bulegoak.

Inguruarte

Duela zenbait urte hasi zen Leitzako Udala Inguruarte berreskuratu eta egokitzeko lanean eta bide horretan, herritarren proposamenak bildu eta proiektua diseinatzen, baimenak eskatzen eta dirulaguntzak kudeatzen aritu da. Bada, hori eginda, udalak aurten eginen du Inguruarte proiektua. «Gaur egun egoera txarrean dagoen erreka ondoko partzela bat berreskuratu, eta kiroleko, jolaseko eta aisialdiko hainbat elementurekin egokitutako aisialdirako leku» bihurtuko dute. Proiektuak 160.000 euroko aurrekontua du eta finantzatzeko 50.000 euro hartuko dituzte Landa Garapeneko Programatik, udalaren hitzetan, «deialdi horren bidez lor daitekeen gehiena».

Energia Berriztagarrien Komunitatea

Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitatea kooperatiba ere «laster» sortuko dutela iragarri du udalak, eta horko protagonistak «udalerriko bazkide kontsumitzaileak, partikularrak eta enpresak» izanen direla eta «erabakiak bazkide guztien arteko batzarretan hartuko dituztela» azpimarratu du. «Autokontsumo partekatuko instalazioak bultzatuko ditu, energia gaiei buruzko informazioa emanen du, energiaren kontsumoa murrizteari buruzko sentsibilizazioa landuko du eta azken batean, urrats bat izanen da burujabetza energetikorako bidean».

Erdi Aroari buruzko azterlana

Udalak eskatuta, urteak daramatza Iñaki Sagredo historialariak Nafarroako erresuma zaharrak herrian zituen Erdi Aroko defentsa dorreei buruzko azterketa egiten. Azterlan hori aurten ezagutarazteko asmoa du udalak, «publiko orokorrari hainbat formatutan helaraziko zaio».

Kultura eta aisialdiari bultzada

«Kultur eskaintza zabala eta askotarikoa eskaintzen jarraitzeko» apustua ere egin du udalak, eta kultur bonuak tarteko, «edonorentzat eskuragarriago» izanen dela uste du.

Bestalde, herriko jaien atala 100.000 eurora igo du, eta horrez gain, «lehen aldiz, partida propioa prestatu da jaietako sexu erasoen aurkako protokoloetarako. 10.000 euro bideratu dira horretara».

Bideak hobetzea

«Leitzalarreko baso bideak hobetzen segitzea» da udalaren beste asmoa, eta «Gorriztaran auzotik Sorogainera doan pista konpontzen bukatu» nahi du. Ibilgailuen trafikorako sarbidea ere arautuko dute hainbat eremutan, «garai jakin batzuetan mugatzeko eta zenbait unetan ibilgailuen gehiegizko joan-etorria saihesteko».

Gizarte larrialdietarako etxebizitza

Duela hilabete batzuk etxebizitza bat dohaintzan eman dion Aleman familiak Leitzako Udalari, gizarte larrialdietarako erabiltzeko. Eta hala izanen da, premia larriko kasuetan behi-behineko etxebizitza izanen dela adierazi baitu udalak: «errefuxiatuentzat, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, etxegabetze kasuetarako, ohiko bizilekuan sutea izan dutenentzat eta gisako kasuetarako, baita bestelako gizarte zerbitzuen erabilerarako ere». Etxebizitza hori Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateri uzteko izapideak egiten ari da orain udala, «hark gaitu, arautu eta egoki kudea dezan».

Bateko eta besteko, Leitzako Udalak 2023an milioi bat eurotik gorako inbertsioak aurreikusi ditu: «Horietatik gehienak dirulaguntzekin finantzatuko dira, laster aurrekontuan eginen diren aldaketak kontuan hartuta».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun