Tokiko ekonomia sustatzeko sortu duten Mimukai proiektu komunitarioak Nafarroako Gobernukoen bisita izan zuen atzo. Alde batetik, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak eta Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko Kontseilariak dirulaguntza hitzarmena sinatu zuten, EH Bilduk 2022ko aurrekontuetarako negoziatu zuen emendakin batetik etorri den dirulaguntza, hain zuzen. Eta bestetik, 300.000 euroko inbertsioa eginez Leitzako industrialdean erosi duten 700 metro koadroko lokalera bisita egin zuten.
Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin, Coworking edo garapenerako espazioa egokitzeko obrak egin eta egoitza hornitzeko hainbat material erosi ahal izan dute eta horiek bertatik bertara ikusi zituzten atzo Zabaleta alkateak, Irujo kontseilariak, Nahikari Uriarte Leitzako zinegotziak, Cederna Garalurreko ordezkariek eta Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendari Nagusiak.
Bestalde, aipatu behar da Coworking edo garapenerako espazio hori Mimukai proiektuan aurreikusitako aurreneko fasea dela, eta obradore edo lantegi komunitarioa izanen da bigarrena. Leitzako Udalak adierazi izan duenez, hori izanen da 2023ko lehentasuna.