Mimukairen parte hartze prozesuan ikusitako beharrak aztertuta, Leitzako industrialdean 700 metro koadroko lokal bat erosi dute, eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin, alde batetik, lokala egokitzeko obrak egin eta bestetik, egoitza hornitzeko hainbat material erosi ahal izan dute. Lan horiek abendurako bukatuak egon beharko dute.
Coworking edo garapenerako espazio hori zen Mimukai proiektuan aurreikusitako aurreneko fasea, eta obradore edo lantegi komunitarioa bigarrena. Hori izanen da 2023ko lehentasuna. «2023an finantzazioa bilatzeaz gain, zein behar dugun eta obradore horrek nolako diseinua izan beharko lukeen ikasi nahi dugu. Beraz, 2023an pausoka-pausoka bigarren fase hori lantzen joanen gara». Hala argitu du Nahikari Uriarte zinegotziak bideo honetan.
Mikel Zabaleta alkateak, berriz, Mimukai «tokiko ekonomia sustatzeko bultzada publikoaz sortu den proiektu komunitarioa dela» gogoratu du: «Pandemia garaian Leitzako Udalak eta Cederna Garalur elkarteak bultzatu zuten, baina eskualde osoari irtenbideak eta alternatibak eskaini nahi dizkio». Hala, eskualdeko hamaika udalek proiektu honi babesa eman izana nabarmendu du, eta «bertako entitate publikoak, enpresak, elkarteak, dendariak, ekoizleak eta agente sozioekonomiko guztiak elkartuko dituen topagune bat izatea nahi» dutela gaineratu du.