Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Joanes Illarregi leitzarra nagusitu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Arrasateko saioan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 26a, 07:00

Joanes Illarregik urriaren 22an Elizondon kantatzeko txartela lortu du zuzenean.

Bete-bete egin zen igandean Arrasateko Amaia antzokia Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioa 700 lagunekin. Ander Aranburu Arriola gai-jartzailearen atzetik sartu dira bertsolariak, zozketak erabakitako ordenean: Miren Amuriza PlazaIñaki Apalategi AstigarragaXabat Illarregi MarzolSaioa Alkaiza GuallarJoanes Illarregi Marzol eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Azken orduko bat dela eta, Xabat Illarregik kantatu zuen Xabier Silveiraren ordez. Ariketaz ariketa osatu zuten egin beharrekoen zerrenda, eta Joanes Illarregi leitzarra izan zen puntu gehien pilatu dituen bertsolaria, 678 puntu. Haren atzetik, hurrenez hurren sailkatu ziren Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).

Horrela, Joanes Illarregik Elizondoko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 22an, Unai Agirrerekin eta Alaia Martinekin batera. Beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Arrasaten aritu zen seikotea: Miren Amuriza kantari, Illarregi anaiak, Saioa Alkaiza, Iñaki Apalategi eta Gorka Pagonabarraga.

Lehen fasea epaitzeko lana duten seikotea aritu da atzokoan ere puntuazioa jartzen: Egoitz Iradier Martinez de AlbenizEneko Bidegain AireJurgi Fuentes GoikoetxeaKarlos Ibarguren OlaldeLeire Beloki LizarraldeMiriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki beratarra. Idazkari lanetan, berriz, Ane Errazkin Aranburu eta Joxe Mari Altuna Berridi.

Arrasaten ere, zortziko nagusi eta txikiko saioak egin zituzten bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean jardun zuten. Hauxe izan zuten gaia: «Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buelta ematea erabaki duzu».

Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa.

Bezperan, Alaia Martin nagusi

600 lagun bildu ziren larunbatean Getxoko Muxikebarri zentroan Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioan. Imanol Artola Arretxe 'Felix' gai-emaileak gidatu zuen saioa.

Ariketa puntuagarriak egin ondotik, Alaia Martin oiartzuarra izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 738 puntu. Beraz, zuzenean sailkatu zen finalaurrekoetara eta Elizondon kantatuko du urriaren 22an. Haren ondotik geratu ziren Nerea Elustondo 695rekin, Agin Laburu 685rekin, Oihana Bartra 653,5ekin, Unai Mendizabal 635ekin eta Peru Abarrategi 627rekin. Horiek ere lehen faseko saio guztiak bukatu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.

Alaia Martin oiartzuarra gailendu zen Getxon.

Finalerako sarrerak agortuak

Abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako sarrera guztiak agortu dira.
 

Igandean saldu dira azken sarrerak. Harmailakoak eta pistakoak bukatuta zeuden, eta bukatu dira errebotekoak ere. Bete da aforoa, beraz, eta ez da sarrera gehiagorik salgai jarriko.

Momentuz, bertze saio guztietarako sarrerak daude salgai www.bertsosarrerak.eus atarian. 

Ekainean, Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztearekin batera, salgai jarri ziren finaleko sarrerak. Bertsozale Elkarteko bazkideek sarrera erreserbatuta izan zuten sarrera lehenengo astean. Uztailetik aurrera, bazkide zein ez bazkideek izan dute aukera txartelak eskuratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun