Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Bertsolaritzaren besta handia bueltan da

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 24a, 11:00

Irailaren 24an hasiko da Getxon 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia eta 14 saio eginda, abenduaren 18an bukatuko da, lehenengoz Iruñean. Tartean, eskualdean ere jokatuko dute kanporaketa bat, urriaren 22an Elizondon. Eskualdeko zazpi lagunek hartuko dute parte

Bertsozaleentzako itxaronaldi luzearen ondotik, eta ohikoa baino urtebete beranduago, baina, hemen da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Lau urteko zikloa izaten da Txapelketa Nagusitik Txapelketa Nagusira, baina, pandemia tarteko atzeratu egin da hori. Txapelketa Nagusiko parte hartzaileak Euskal Herriko herrialde bakoitzean jokatutako txapelketen ondotik erabakitzen dira, eta horiek atzeratzeak eragin du Txapelketa Nagusia bera ere atzeratu behar izana. Irailaren 24an Getxon (Bizkaia) abiatu eta Iruñean bukatuko da abenduaren 18an. Lehenengoz, gainera, Nafarroan jokatuko da finala, Iruñeko Nafarroa Arena pabilioian. Tartean, saio bakarra izanen da eskualdean: Elizondon urriaren 22an.

42 bertsolari, 14 gai jartzaile eta 21 epaile, denera 77 parte hartzaile izanen ditu aurtengo edizioak eta eskualdeko ordezkaritza zabala izanen da. Eskualdeko hiru bertsolari ariko dira kantuan: txapelketan lehenengoz kantatuko du Joanes Illarregi leitzarrak, urte batzuez bertsolaritzatik aparte ibili ondotik, borzgarren txapelketa izanen du Xabier Silveira lesakarrak, eta  txapelketan seigarren parte hartzea du Saran bizi den Amets Arzallusek. 2013an txapeldun izan zen Arzallus eta 2005. urteko txapelketatik aitzinera urtero kantatu du finalean. 

Eskualdeko zazpi lagunek hartuko dute parte txapelketan

Gai jartzaileei dagokionez ere, eskualdeko uzta oparoa izanen da. Alaitz Rekondo lesakarrak borzgarren txapelketa izanen du gai jartzaile taldean, eta berarekin batera arituko dira lehenengoz Maialen Belarra doneztebearra eta Ainhoa Larretxea beratarra. Epaile taldean ere beratar bat izanen da: Saioa Mitxelena. Bigarren txapelketa izanen du Mitxelenak, 2005ean hartu zuen parte lehenengoz epaile gisa eta aurten itzuliko da postu horretara. 

Txapelketaren sistema

Hamalau bertso saio izanen ditu aurtengo Txapelketa Nagusiak hiru fasetan banatuta; lehenengo fasea, finalaurrekoak eta finala. Lehenengo fasean sei bertso saio izanen dira, Getxon (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa), Gotaine-Irabarnen (Zuberoa), Gasteizen (Araba), Donostian (Gipuzkoa) eta Lizarran (Nafarroa), eta 36 bertsolari ariko dira kantuan, denak ere herrialdeetako txapelketatik sailkatutakoak. Sei bertsolariz osatutako sei talde eginen dira eta saio bakarrera lehiatuko dira. 

Silveira eta Illarregi fase horretan sartuko dira txapelketan,  Arrasaten, bihar, irailaren 25ean jokatuko den saioan kantatuko dute biek. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; puntu gehien biltzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara sailkatuko den taldea. 

Finalaurrekoetan hogeita lau bertsolari lehiatuko dira. Saioak Elizondon, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Irunen (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia) izanen dira eta  Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi eta lehenengo faseko saioetatik sailkatu diren hemeretzi bertsolari ariko dira kantuan.

ESKUALDEKO SAIO BAKARRA ELIZONDON JOKATUKO DUTE

Bi itzuli izanen ditu finalaurreko faseak: lau finalaurreko izanen dira lehenengo fasean eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu eginen dira, baina, lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute, eta taldeak aldatu eginen dira lehen itzulitik bigarrenera. Bigarren itzulian saioak Amurrion (Araba), Baionan (Lapurdi) eta Bilbon (Bizkaia) jokatuko dituzte. 

2017koan finalean finalistak izan zirenez gero, Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik ere bazuten finalaurrekoetan zuzenean kantatzeko txartela, baina, txapelketan parte hartzeari uko egin diote biek ala biek. Hala, dagoeneko jakina da finalean aitzinetik inoiz kantatu gabeko bi bertsolarik kantatuko dutela gutienez. 

Finala lehenengoz Nafarroan 

Abenduaren 18an jokatuko den finalean, zortzi bertsolari lehiatuko dira Nafarroa Arenan: Maialen Lujanbio 2017ko txapelduna eta finalaurrekoetan puntuazio altuena lortzen duten bertze zazpi. Hiru saiotan banatuko da ekitaldia: goizean zortzi bertsolariak ariko dira, eta arratsaldean ere zortzi bertsolarirekin hasiko da jarduna. Ondotik, puntu gehien biltzen duten bi bertsolarik buruz burukoa jokatuko dute, eta egun guztian puntu gehien eskuratu dituen bertsolaria izanen da 2022ko Bertsolari Txapelketako Nagusiko txapelduna. Txapel jartzailea nor izanen den aitzinerago jakinaraziko du Bertsozale Elkarteak.

2013an egin zuten azkenengoz Elizondon Txapelketa Nagusiko saio bat.

Finalaren kokapena da aurtengo Txapelketa Nagusiaren berritasunetako bat, lehenengoz egingo baitute Iruñean, 13.000 zaleren aitzinean. Donostian egin izan dira finalak 1935etik 2001era arte, eta lautan egin da Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokan. Nafarroa Arenak dituen azpiegiturek ahalbidetu dute orain aldaketa, elkarteko ordezkarien hitzetan. Ez da hori izan arrazoi bakarra, ordea: «Orain ikusi da bazela aukera Iruñean egiteko, bertzeak bertze, azpiegitura berri bat dagoelako, eta txapelketaren beraren izaeran euskararen lurralde osoa hartzea dagoelako».

'Kartzelatik ganbarara'

Txapelketa Nagusiak izanen du finaleko kokalekutik aparte bertzelako aldaketarik ere. Eta kasu horretan, izenean baino, izanean. Orain artean kartzelako lana izandakoa, hemendik aitzinera ganbarako lana izanen baita. Kartzelako lana deitzen zaio bertsolariei gai bera eman eta haiek hiruna bertso nahi duten doinuan eta neurrian kantatzeari. Fernando Artola Bordarik asmatu zuen txapelketako Kartzelako lana 1960ko hamarkadako txapelketan, 1935 eta 1936koetan bakarka gai bera emanda bertsolarien denbora aukerak berdintze aldera. Eta 60 urtez kartzela deitu izan zaio txapelketan bertsolariak bakarka gai beraren aurrean probatzeko lanari. Orain, ariketaren izena eta izana elkarrengandik hurbilago egote aldera hartu dute aldatzeko erabakia. Izena aldatu bai, baina, osatu beharreko lana aitzineko berbera izanen da. 

LEHENENGOZ NAFARROAN JOKATUKO DUTE FINALA, IRUÑEAN

«Ganbarak goxotasuna, isiltasuna, aurre-lana, … iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina aldi berean aparte. Garuna edo logelari ere deitzen zaio ganbara. Garai bateko baserri lanetan, ganbaran edo ganerrean artoa aletu bitartean bertsotan egiten zen bertan eta zenbait bertsolariren entrenamendu edo lan-leku ere bada. Oroitzapen politekin lotu izan da normalean» azaldu dute Bertsozale Elkartetik.

Birusaren ondorena

Birusaren ondorengo lehenengo txapelketa izanen da aurtengoa, eta birusak «bertsolaritzaren ekosisteman eragindako kaltea» nabarmendu nahi izan zuten Bertsozale Elkarteko ordezkariek  ekainean egin zuten txapelketaren aurkezpenean: «Orain arte ezagutu gabeko ataka batean izan da bertsolaritza: bertso plaza ia erabat geldirik, sortzaileak kinka larrian, gure ekosistema egun batetik bestera hankaz gora, bertso eskolak halabeharrez mutu, ekimen franko bertan behera», azaldu zuen Gontzal Agote elkarteko lehendakaritzako kideak.  «Gure nahia da orain bertsolariei hitza ematea, eta lekua uztea bertsolaritzan dagoen aniztasunari, aberastasunari, bakoitzaren ukituari eta sormen lanari, eta hemendik aurrera bertsolaritza izan dadila berriz ere protagonista».

Dena prest dago, beraz, Bertsolari Txapelketa Nagusiak bere bidea hasi dezan. Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri. Horrez gain, saioak eginen diren herrietako komertzioetan ere paratuko dute erosteko modua. Finalean,  ohi bezala autobus eta catering zerbitzua izanen dira, baina, horien berri aitzinerago jakinaraziko dute, baita haurtzaindegi zerbitzua egonen den ere. Txapelketaren inguruko informazio eguneratu guztia, aldiz, bertsozale.eus atarian dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun