Oinatz Bengoetxeak urriaren 15ean Leitzako plazan jokatuko du bere azken partida

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 15a, 16:00

Profesionaletan egin dituen 20 urteak borobilduz, Oinatz Bengoetxeak herriko plazan jokatuko du bere azken partida. Hala aurreratu zuen erretiroa iragarri zuenean, eta hala eginen du. Urriaren 15ean izanen da, eta horren bueltan pesta eguna antolatu dute Leitzan. Dagoeneko bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte.

Otsailaren 26an jokatu zuen profesionaletako bere azken partida Oinatz Bengoetxea Berasategi Leitzako pilotariak. Goraino bete zen Labrit pilotalekua, eta omenaldi hunkigarria eskaini zioten leitzarrari. Baina urrira bitarte frontoi ttikiagoetan aritzeko asmoa zuela adierazi zion urte hasieran TTIPI-TTAPAri, baita «Leitzako alde zaharreko semea izanda» Leitzako plazan jokatu nahi zuela partida hori ere (hemen elkarrizketa).

Esandakoa bete eta urriaren 15erako hitzartu dute bere agurreko partida. 11:00etan Aurrera Pilota Eskolako umeen partidak jokatuko dituzte. 12:00etan hasiko da Bengoetxea VI.aren partida. Binaka ariko da, baina norekin eta noren kontra jokatuko duen sorpresa izanen da. Jarraian bazkaria eta pesta izanen dira, txarangak lagunduta.

Bazkarirako txartelak

Txorizoa sagardotan, entsalada, kabratxo pudinga, onddo nahasia, axuria parrillan eta hostopil tarta izanen da eguneko menua. Txartelak Maimur liburu-dendan daude salgai. Helduenak 35 eurotan eta 0tik 12 urtera bitartekoenak 15 eurotan. Umeek ere menu hori izanen dute, baina kantitatea egokituta.

Eguraldi ona baldin bada, plazan bertan eginen dute bazkaria. Eguraldi txarrarekin, berriz, partidak plazan jokatuko dituzte eta bazkaria kiroldegian izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun