OINATZ BENGOETXEA

«Galtza txuriak azken aldiz Leitzako plazan jantzi nahi ditut»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 29a, 12:00
Bengoetxea VI.a sakean, ia hogei urteko ibilbide profesionaleko mila partida baino gehiagotako batean.

Oinatz BENGOETXEA BERASATEGI, Leitzako pilotaria

Labriten hasi zuen bere ibilbidea profesionaletan Oinatz Bengoetxeak 2002ko urrian eta leku berean jokatuko du profesionaletako azken partida. Hasiera batean urtarrilaren 29an jokatzekoa zuen, baina joan den larunbatean Markinan min hartu zuen eta otsailaren 26ra atzeratu du. Halere, ondotik, frontoi txikiagoetan ariko da urrira arte.

Abenduan jakinarazi zuen bideo baten bidez pilotari profesional izateari utziko ziola Oinatz Bengoetxea Berasategik (Leitza, 1984ko abuztuaren 28a). 2002ko urriaren 5ean egin zuen debuta Iruñeko Labrit pilotalekuan, 18 urte bete berriak zituela. Frontoi berean jokatuko du azkena. Hasieran urtarrilaren 29rako, larunbat honetarako iragarria zegoen azken partida hori, baina joan den larunbatean Markinan min hartu zuen Bengoetxeak eta otsailaren 26ra arte atzeratu dute agurreko partida. Frontoi handi edo industrialetako hondarreko partida izanen da, baina urrira bitarte frontoi txikiagoetan jokatzeko asmoa duela ere azaldu digu. Eta azkena, urrian, Leitzako plazan jokatu nahi luke. Leitzako alde zaharrean jaioa eta hazia izaki, plazan eman baitzituen lehen pilotakadak eta bertan eman nahi ditu azkenak ere. Profesionaletako ibilbide horretan hiru txapel nagusiak jantzi dituen historia osoko zazpi pilotarietako bat izatea lortu du. Eskuz banakakoa bitan irabazi du (2008an Abel Barriola herritarraren kontra jokatutako final gogoangarrian eta 2017an Irribarriaren kontra); eskuz binakakoa ere irabazi zuen 2015ean Untoriarekin bikote eginez eta lau eta erdikoa 2016an, Altuna III.ari 22-21 irabazita. Baina txapelak txapel, denbora honetan egin duen ibilbideaz «harro» mintzatu zaigu Oinatz Bengoetxea.

Lortu duzun txapel guztien artean zein azpimarratuko zenuke?

Nik uste buruz buruko bi txapelak pixka bat berezixeagoak direla, baina lau eta erdikoa ere oso berezia izan zen, 22-21 Jokin Altunaren kontra Gasteizen… Binakakoa ere gauza polita izan zen, txapelak denak dira onak. Gero, beste hiru ere baditut Nafarroako lau eta erdikoan eta horiek ere garrantzitsuak dira niretzat. Txapelak denak dira ederrak, denak ongietorriak.

2016an lau eta erdiko txapelketaren finala 22-21 irabazi zion Jokin Altunari.

 

Hiru txapel handiak jantzi dituzten pilotari bakanetakoa zara. Zutaz gain, Julian Retegik, Fernando Arretxek, Abel Barriolak, Aimar Olaizolak, Juan Martinez de Irujok eta Mikel Urrutikoetxeak bakarrik lortu dute. Zer garrantzi ematen diozu horri?

Egia esan marka polita da eta historiarako geldituko den marka. Oraingoz zazpi pilotarik bakarrik lortu dugu hori eta hor gauden guztiok harro esan dezakegu esku pilotako modalitate guztietan txapel nagusia jantzi dugula. Gauza handia da, hor dauden izenak ikusi besterik ez dago eta ni horien artean egotea ohore handia da.

«Hiru txapel handiak irabaztea marka polita da niretzat»

Han eta hemen agurreko partidak jokatzen ari zara. Pilotazaleen eta pilotarien estimazioa sumatzen ari zara pilotaleku guztietan. Zure bizitzako egunik sentimentalenak izaten ari direla ere aipatu duzu…

Ni berez ez naiz oso sentimentala, baina egun hauetan ari zait zerbait mugitzen bai. Pilotalekuz pilotaleku agurrak oso politak izaten ari dira, batean bertsoa, bestean kantua, dantza… Garai sentimentalak izaten ari dira niretzat, bai… Alde batetik jendearen kariñoa nabaritzen ari naiz eta bestetik, hainbeste urteren ondoren niretzat bizitza osoa izan den pilota uzteagatik… Nahiko egun sentimental eta politak izaten ari dira, egia esateko.

Azken partida Labriten jokatuko duzu… Duela ia hogei urte debutatu zenuen leku berean… Urduri?

Ez ez, oraingoz lasai nago. Azken partida hurbiltzen ari da, baina lasai nago. Aurreko agurreko partidak ere ongi atera dira, Bilbokoa eta Donostikoa oso ongi, Arrasaten ere ederki, Gasteizkoa ere polita izan zen… Joko nahiko onean nagoela iruditzen zait, zaleak gustura gelditzen ari dira eta ni nahiko lasai.

Halere, frontoi “ez industrialetan” hogei urtera ailegatzeko asmoa baduzula ere aipatu duzu…

Frontoi handietako agurra izanen den Labritekoaren ondotik ere partida batzuk jokatzen segitu nahi dut urrira bitarte, frontoi txikiagoetan, orduan beteko baititut hogei urte profesionaletan hasi nintzenetik. Herri txikietan partidak ateratzen ari zaizkit eta azken azken partida Leitzako plazan jokatzeko intentzioa dut urrian. Galtza txuriak azken aldiz Leitzan jantzi nahi ditut. Ni Leitzako alde zaharreko semea naiz eta plazan hasi nintzen pilotan eta hortxe bukatzeko asmoa dut. Oraindik ez dakit zeinek jokatuko dugun baina polita iruditzen zait.

Zer aldatu da 2002ko urrian debutatu zuen Oinatz Bengoetxea hartatik 2022ko urtarrileko Bengoetxea VI.a honetara?

Bai pilotari bezala bai pertsona bezala bilakaera izan dut, jende guztiak bezala. Bizitzak gauza asko erakusten dizkizu eta pentsatzen dut pilotari bezala, pixkanaka teknikoki nahiz fisikoki eboluzionatu dudala. Orduan, 18 urterekin, oraindik ume bat nintzen eta orain gizon bihurtu naiz.

Zerk harrotzen zaitu bereziki zure ibilbidean? Eta, zerbait aldatzekotan, zer aldatuko zenuke?

Gauza asko dira, mila partida baino gehiago jokatuta, denetan ahalik eta hobekien jokatzen… Konpetitiboa izaten saiatu naiz, txapel batzuk lortu ditut eta horretaz aparte, partida garrantzitsu asko jokatuak pilotari handien kontra, batzuk irabaziak, galdutakoak ere… Gero, beti jendearekin konexio ona izan dut, denarekin nago pozik eta gustura. Harro nago gauzak nola egin ditudan, hogei urtetan gauza batzuk beste batzuk baino hobekiago egin ditut, noski, baina egia esan ez nago deustaz damutua eta gustura nago egin ditudan gauzekin, beti intentzio onenarekin egin ditudalako.

Mila partida baino gehiago jokatu dituzu… Horien artean ba al duzu bakarren bat bereziki gogoan gelditu zaizuna?

Beharbada Nafarroako lau eta erdiko azkeneko txapela, San Fermin egunean Jokin Altunaren kontra lortutakoa. Final eta txapel handietaz aparte, partida hori dut buruan, partida handia egin nuen eta asko akordatzen naiz partidu horretaz.

Lehen Irujo, Olaizola, Barriola eta azken aldian Urruti, Altuna, Irribarria… horien guztien artean puntan ibiltzea lortu duzu. Ez da erraza izanen hainbesteko kolpea ez duen pilotari batentzat horien artean lehian aritzea.

Azkenean nik nire baliabideak eta kualidadeak izan ditut eta horiek lantzen eta kantxaratzen saiatu naiz. Pilotari bakoitzak bere kualidadeak ditu eta horiek esplotatzen saiatu behar du. Nire gorpuzkeragatik, ez naiz sekula indar handiko pilotaria izan baina abila eta azkarra izaten saiatu naiz beti. Pilota jokuan azkarra izatea ere garrantzitsua da.

«Pilotari bakoitzak bere kualidadeak ditu eta horiek esplotatzen saiatu behar du»

Pilotan azkarra izatea ere garrantzitsua dela uste du Oinatzek.

 

Horien artean, zein izan da zuretzat areriorik zailena kantxan? Eta atzelari bezala gehien lagundu zaituena?

Aimar [Olaizola] eta Juan [Martinez de Irujo] izan dira pilotaririk gogorrenak, garai bat markatu dute. Gaur egun Jokin Altuna ere azpimarratuko nuke. Beraiei irabazteko kontrario gogorrak izan dira, baina beste asko ere izan dira aurkari oso onak eta beti asko sufritu behar izan dut eta gauzak oso ongi egin behar izan ditut partidak irabazteko. Atzelari lagun asko eduki ditut eta denekin ongi eraman izan naiz, baina bat esateko, Ruben Beloki aipatuko nuke. Hasieran nire aitabitxia modukoa izan zen eta partida asko jokatu nituen berekin. Lehenbiziko finala ere berekin jokatu nuen, nahiz eta galdu, otoitzapen ona dut berekin. Bera txapeldun handi bat zen eta ni hasi berria nintzen.

Artolak bertsotan kantatu zizunez, ´Baldintza dok gozatzeaª, hori omen da pilotari gazteei esaten diezuna… Ez da erraza izanen, publikoaren aurrean, telebista kamerekin, korredoreekin… hori lortzea. Gehiegi estutu gabe pilotan jokatzea. Baina zuk lortu duzula ematen du, itxura hori ematen duzu behintzat…

Bai, gehienetan gozatu egin dut kantxan, baina ez da beti lortzen. Kantxan gozatzea handia da, baina bizitzaz gozatzea ere gauza ederra da. Pilotariena bizimodu oso ona da, urte hauetan guztietan pilotari izanda pribilejiatua sentitu naiz eta pilotari gazteei ere hori trasmititzen saiatu naiz: ikuspuntu hori edukita nahiz kantxan nahiz kantxatik kanpo gozatzea errazagoa da.

«Kantxan gozatzea handia da, baina bizitzaz gozatzea ere gauza ederra da»

Aurrera begira, zer duzu buruan… Pilotarekin lotuta segitzea gustatuko litzaizuke?

Ez daukat oraindik deus zehaztua, ez dakit zertara dedikatuko naizen. Proiektutxo batzuk baditut buruan, baina ez dakit gauzatuko diren. Pilotarekin lotuta edo lotu gabekoak, oraindik ikusteko dago. Denboralditxo batez lasai hartuko dut urritik aurrera. Zerbaitera dedikatu beharko naiz, baina ez daukat argi oraindik. Etorkizunak esango du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun