Mariezkurrenarekin bikote eginda, garaipenarekin bukatu zuen bere ibilbidide profesionala Bengoetxeak. 22 eta 15 garaitu zituzten Jaka eta Aranguren bikotea. Partidaren ondotik, ailegatu zen, ordea, eguneko unerik hunkigarriena: pilotariek, erakundeek eta pilotazaleek egindako omenaldia.
Jaso zuen lehen omena Baiko enpresarena izan zen. Zaleen txistu eta oihu artean Karlos Argiñano Baiko Fundazioko lehendakariak Baikoko kartela eman zion. Ondotik, Nafarroako Gobernuko ordezkarien eta Iruñeko Udaleko ordezkarien txanda izan zen, plaka bat eta zapi gorri eman zizkioten. Horrekin batera, Nafarroako Pilota Federazioko lehendakari Javier Condek aginte makila eman zion.
Omenaldiaren zatirik hunkigarriena izan zen ondorengoa: 22 pilotariren argazkia, Iñaki Iza pilotari ohiaren aurreskua, Iruñeko lagunen plaka, Felipe Uriartek emandako txapela, Miguel Mari Elosegiren bertsoa... Hamahiru urtez Bengoetxearen botilero izandako Asier Garcia lehengusuaren hitzekin bukatu zen omena. Eta ondotik hartu zuen Bengoetxeak hitza zaleei eskerrak emateko.
Profesionaletako agurra bai, baina, galtza txuriak ez ditu erantziko Bengoetxeak. Ttipi-ttapari aurreratu zion bezala, frontoi ttikiagoetan aritzeko asmoa baitu. Urriaren 5ean beteko dira 20 urte profesionaletan debutatu zuenetik eta data horren bueltan azken partida Leitzan jokatzeko asmoa du. Bitartean, Euskal Herrian, Mexikon, AEBetan eta Katalunian aritzekoa da.