Ezpata-dantzariak izan dira protagonista Leitzan santiburtzio egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 12a, 07:00

Bero ikaragarriari aurre eginez, santiburtzio egunean, ostegun eguerdian, Leitzako ezpata-dantza ikusteko aukera izan zuten Leitzan, bi urtez dantzatu ezinik egon ondotik. Beti bezala, udal korporazioak lehen lerroan dantzak ikusteko gonbidapena egiten du, omenaldi gisara eta aurten, pandemia garaian lehen lerroan izan diren osasun zentroko eta gizarte zerbitzuetako ordezkariak izan dira, Josune Uranga eta Maxux Ariztimuño, hurrenez hurren.

Ordu erdiz, Zortziko, Lekun, Zortzinango, Banango, Binango, Launango, Makildantza, Ezpatadantza eta Txarrakua dantzatu zituzten Garazi Erbiti, Alaitz Oiartzun, Asier Barriola, Andoni Amadoz, Miel Olano, Maria Sagastibeltza, Uxue Sanchez eta Ander Alduntzin ezpata-dantzariek, txistularien agindupean.

Horretaz gain, egun handian behiak eta zezenak izan ziren entzierroan eta plazan, goizean eta arratsaldean, Incansables txaranga ibili zen, zazpi emakumek herri kirol ikuskizuna eman zuten eta gauez Ingurutxoa ere dantzatu zen plazan eta zezensuzkoa atera zen.

Oraindik, asteburu luze honetako lau egun eder gelditzen dira eta egitarau zabala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun