Santio festetarako gogotsu sumatu dugu Marina Claver Apezetxea (Arano, 1935). Pandemia tarteko, azken urteotako geldialdiaren ondoren, sinetsita dago «bereziak» izanen direla, «festek alaitasuna ekartzen dutelako etxeetara eta herrira eta ondorioz, herritarrongana».
Duela 87 urte Suro auzoko Tereseneko bordan jaioa da Claver. Gaur egun, Beheko Herrian bizi da eta bere burua aurkezteko eskatuta, «baikorra eta alaia» dela eta «pertsonei ongi egiteak pozten» duela kontatu du. Bere afiziorik gustukoenak, berriz, «mendian ibiltzea, musika eta bilobekin eta familiarekin egotea» omen dira.
«Gerra denboran hazia» da Tereseneko bordako alaba, eta hala, «haurtzaroa eta ondorena gerrak markatu» zizkiola dio, baina «nahiz eta erraza ez izan, familiarekin eta lagunekin oroitzapen oso onak» ditu gordeak.
«Festak alaitasuna ekartzen du herrira»
Eta horietako asko ditu gogoan; eskolako kontuak, adibidez. «Eskolara joaten ginen. Suro auzokoa naiz eta neguan aurreko baserrian izaten genuen eskola. Udaberritik aurrera urte osoan zegoen eskolara joaten ginen, herrira». Eta eskolatik kanpo, baserrian lanean ez bazen jolasean: «Baserrian nahiko lan izaten zen eta ttikitatik denak lanean aritzen ginen. Hortik aparte ahal genuen guzia jostatzen ibiltzen ginen».
Herria «asko aldatua»
Geroztik herria «asko» aldatzen ikusi du aranoarrak: «Urte haietan jende asko joan zen Hernani eta Donostia aldera bizitzera, lana zegoen herrietara eta hirietara, baita Amerika, Madril edo Bartzelonara ere». Eta tartean Claver bera: «Ni ere Bartzelonara joan nintzen lanera». Bueltan sorterrira itzuli zen eta orain, bere ustez, «herria ttikiagoa da baina, zorionez, gauzak hobekiago daude. Beste herri eta hirietatik bizitzera etorri dira, etxeak berritu dituzte eta zerbitzu aldetik asko hobetu da, baita ume kopurua igo ere».
Hiru eguneko festak
Festak ere ez omen ziren orain bezala izaten. Haurra zela, «Santio bezperan hasita, hiru egun izaten ziren. Lehendabiziko baserriko lanak egin, eta gero, familiako osaba-izebak gure etxera bazkaltzera etortzen ziren. Goizetan pilota partidak izaten ziren. Orduan hiru taberna izaten ziren herrian bertan eta kanpotik jendea etortzen zen». Gogoan du, adibidez, «Goizuetako autobusa bete-betea» joaten zela Aranora eta «oinez ere beste asko» joaten zirela. «Santa Ana Egunean hernaniarrak eta beste herrietakoek Aranon bazkaltzen zuten, batzuk ogitartekoak, besteak tabernetan... Urumearrak deitzen diegu eta beraien soinu-jotzaileekin etortzen ziren». Eta bateko eta besteko, «Aranoko herrian giro alaia» izaten zela dio. «Arratsalde partean, bertsoak eta musika izaten zen. Jose Mari Tomasena Etxalar hiru egunetarako etortzen zen. Klarinetea, bateria moduko musika tresna eta eskusoinua joz, hiru musikari batera ere ezagutu ditut».
«Ni haurra nintzenetik festak asko aldatu dira»
Bestalde, haurra zela, «Santio. hirugarrenean, 27an, Beheko Herrian beti festa eguna izaten zen, eta Suro auzoan ere hasi ziren beranduxeago. Baina urteekin herrian gelditu zen festa egitearena».
Gaztea zela, berriz, Bartzelonatik etorri eta «Aranoko okindegiko jabeentzat egiten nuen lan, neskame, eta urte horiek lanean pasa nituen. Festetan hiru edo lau ordu izaten nituen arratsaldetan jai eta ahal nuen dantza gehien egiten nuen lagunekin».
Programa zabala
Gaur egun, oso bestelakoa ikusten du festetako egitaraua. «Programa asko zabaldu» baita bere ustez. «Gazte guztiak parte hartzen hasi ziren. Nire lau seme-alabak ere gazte-gaztetatik hasi ziren festak organizatzen eta lana egiten festetako egitaraua aurrera eramateko, beste gazteak bezalaxe». Eta hala, festetako egungo egitarauan «euskal dantzen falta» sumatzen badu ere, «edade guztietako jendearentzat» egokiak iruditzen zaizkio. Horrekin batera, «parte hartze haundia» nabarmendu du.
Santio Eguna maiteena
Lehen eta orain, Santio Eguna du festetako egunik maiteena, eta bereziki pilota partidak. «Aspaldiko ohitura da festetan aranoarren eta goizuetarren arteko pilota partida. Nire senarra Jexux Leonetek ere jokatzen zuen eta oso gustukoa nuen. Orain biloba hasi da eta jarraitzen dut». Horrez gain, «Santio Egunean familiarekin egiten duen bazkaria» aipatu du. Baina ez dira horretara mugatzen bere festak. «Aizkolariak, harri jasotzaileak, bertsolariak, musika...» gustuko ditu, eta zergatik ez, dantzarako aukera baldin badu, hori ere egiten du: «ahal baldin badut dantzan aritzen naiz». Santa Ana Eguneko bazkariaz ere ez da ahaztu, «gustukoa» duelako, «kanpoan bizi diren familiakoak eta lagunak etortzen dira, ilobak, bilobak...».
Adinarekin galdu ez duen ilusioari eutsiz, ate joka diren festetan ongi pasatzeko deia luzatu du Claverrek: «Herri guztietan uda festez beteta dator eta jai zoriontsuak izatea eta ahal duten guzia disfrutatzea opa diet denei». Eta Aranon behintzat, badute horretarako osagai sekretua, bere hitzetan, «jende alaia eta festazalea garelako». Horren adibide garbia da Marina Claver Apezetxea.