Ttipi Txartela

«Bizitzarako beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen dizkiegu erabiltzaileei»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 12:00

Leitzan dagoen udal tailer okupazionala da Okille. Bertan egiten du lan Pablo Feok hamar erabiltzailerekin, «desgaitasunak dituzten pertsonei bizitzarako beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen dizkiegu».

Hainbat gauza egiten dituzte tailerrean, «baina garrantzitsuena ez da bertan egiten duguna, hona etortzen diren langileentzako suposatzen duena baizik. Askotan esaten dugu langileak baino, txokoan elkartzen garen lagun talde bat garela».

Duela 29 urte hasi zuten ekimena, «beharra bazegoen, alternatibarik ez zuen kolektibo bat zegoelako herrian». Mankomunitate eta udalak elkarte bat sortu zuten tailerra egiteko eta Nafarroako Gobernuak erdia finantzatzen du.

Gaur egun, paperezko eguzkiloreak eta egurrezko erlojuak egiten dituzte bereziki; «birziklatutako materiala erabiltzen dugu, gastu gutxirekin ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Tailer txikia garenez, guretzako merkea den zerbait egin behar dugu». Salmentak «Euskal Herriko ia lurralde guztietan» egiten dituzte; Bilbon Donostian, Iruñean, Elizondon, Amurrion…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun