Beotibarko kondairari buruz hitzaldia izanen dute gaur Leitzako Kultur Aroaren barne

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 26a, 09:00

Aurrera jarraitzen du astelehenean hasitako Leitzako XLIV. Kultur Aroak. Gaur Xabier Irujorekin Beotibarko kondaira izanen dute hizpide 19:30ean Herri Aretoan.   Argazkiak: Juan Mari Barriola.

Joan den urtean bete ziren 700 urte Beotibarko bataila gertatu zenetik. 1321eko irailaren 19an gertatu zen eta nafarren eta gipuzkoarren arteko gatazka gisa aurkeztua izan da. Hain zuzen, 700 urte beranduago, 2021eko irailaren 19an Leitza, Berastegi, Larraun eta Lizartzako udal ordezkariek «anai-arrebak garela eta hau ez dela 'mugako lurraldea', ezta 'gaizkileen muga' ere» argi utzi nahi izan zuten Uli mendian, «gure arbasoak urtero tregoak egiteko, akordioak lortzeko eta bakeaz hitz egiteko biltzen ziren lekuan».

Bestalde, gaur Leitzan izanen den Xabier Irujok, Larraitz Ariznabarretarekin batera, Beotibarko batailaren bertsio klasikoa gezurtatzen duen liburu bat argitaratu zuen iaz: Beotibar. Zazpi mende geroago (1321-2021).

Hitzaldi arrakastatsuak

Astelehenean eman zioten hasiera Leitzako Kultur Taldeak antolatutako XLIV. Kultur Aroari. Egun horretan Habitat. Ezkutatu diguten historia aurkeztu zuen Beñi Agirrek Herri Aretoan, hain zuzen, igandera arte ikusgai izanen den erakusketa.

Asteartean, herritarren aldetik interes handia piztu zuen Fernando Oiartzunen hitanoari buruzko solasaldiak. 26 lagun bildu ziren. Atzo, berriz, Ukrainan zer ari da gertatzen? hitzaldia eman zuen nazioarteko gaietan aditua den Txente Rekondok. Bi ordu baino gehiagoko saioan Ukrainako gatazka azaldu zuen.

Orain artekoei segida emanez, gaur Xabier Irujoren solasaldia 19:30ean izanen da Herri Aretoan.

Ikusi XLIV. Kultur Aroko egitaraua osorik hemen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun