Ekitaldiz bete-betea dator Leitzako XLIV. Kultur Aroa

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 20a, 19:00
Maiatzaren 29an eskulangileen azoka eginen dute. Argazkian azoka artxiboko irudi batean.

Maiatzaren 23tik ekainaren 11ra mota askotako hitzorduak prestatu ditu Leitzako Kultur Taldeak. Aurrenekoa astelehenean eginen dute: Beni Agirrek Ezkutatu diguten historia erakusketa aurkeztuko du Herri Aretoan. Ikusi egunez egun egitaraua.

Erakusketak, hitzaldiak, bertso saioa, lehiaketa, ikuskizuna, kontzertua... Denetarik izanen da ekainaren 11n Sagardo Egunarekin borobilduko duten Leitzako XLIV. Kultur Aroan. 

Maiatzak 23, astelehena

Habitat. Ezkutatu diguten historia erakusketaren aurkezpena eginen dute Nabarraldeko Beñi Agirreren eskutik. 19:30ean Herri Aretoan. Antolatzaileen arabera, «Giza habitat ezkutatua erakusketa honek gure historiaren mugarri garrantzitsuenak erakusten ditu. Euskal Herriko historiaren gakoak eskaintzen dituen erakusketa da: euskalnafarren habitata eta lurraldetasuna; mugarriak izan diren datak, pertsonaiak, eta gertaera garrantzitsuak modu grafiko argi eta atseginean kontatuak». Maiatzaren 29ra arte, eskolako ikasleek eta irakasleek erakusketara joateko aukera izanen dute eta eskolatik kanpokoek ondoko egunetan aretoan izanen diren saioetan ere ikusgai izanen dute.

Maiatzak 24, asteartea

Lagunartean hike eta toka. Eta noka? hitzaldia emanen du Fernando Oiartzunek, hitanoari buruz osatzen ari den liburuaren aurrerapen moduan. 19:30ean Herri Aretoan izanen da hitzordua.

Maiatzak 25, asteazkena

Beste hitzaldi bat antolatu dute, kasu honetan, Txente Rekondorekin, Ukrainan zer ari da gertatzen? izenburupean. 19:30ean Herri Aretoan izanen da. 

Maiatzak 26, osteguna

Xabier Irujok Beotibarko kondairaren egiak azalduko ditu beste hitzaldi batean. Saio hori ere 19:30ean Herri Aretoan izanen da.

Maiatzak 27, ostirala

Maiatzaren 27an Mingañe Saltsan bertso sariketako finala jokatuko dute Torrean. 21:00etan hasiko da eta afaria ere izanen da. Aurretik egin diren finalaurrekoetatik sailkatu diren Eneko Lazkoz, Jexux Mari Irazu, Iban Urdangarin, Jone Uria, Josu Sanjurjo eta Oihana Bartra bertsolariek kantatuko dute.

Maiatzak 28, larunbata

Leitzaketa txapelketa azkarra eginen dute 19:00etan plazan.

Maiatzak 29, igandea

Eskulangileen XLIII. Azokak hartuko du plaza ingurua. 10:00etatik aurrera hainbat postu jarriko dituzte.

Ekainaren 1etik 5era

Egun horietan Naturaren leihoak erakusketa zabalduko dute Herri Aretoan. Itziar Azpiroz herritarraren eta Koke Ardaizen lanak astegunez 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ikusgai izanen dira.

Ekainaren 1a, asteazkena

Independentziarako Indarra dinamikaren baitan, Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako arduradunak eta Floren Aioz Iratzar fundazioko zuzendariak Nafartasuna Europako burujabetza aro berrian hitzaldia emanen dute, 19:00etan Aurrera elkartean. Leitzako Sortuk jarri du dinamika abian, eta maiatzetik urrira bitarte hainbat solasaldi eta ekintza prestatu ditu. Ekainaren 1eko saioan, «Amaiurko gertaeratik 500 urtera, Europan sor daiteken erabakitze eskubidearen eta herrien burujabetzaren aldeko aldarriak, Nafarroan eta Euskal Herrian izan ditzaken ondorioak aztertuko dira. Bestetik, berriz, azken hamarkadan izandako nafartasunaren bilakaeran ere mintzatuko gara».

Ekainaren 9a, osteguna

Leitza Oinazpian izenburupean ikuskizuna emanen du Mikel Illarregik 19:00etan Herri Aretoan.

Ekainaren 11, larunbata

Jeiki abesbatzak Txillida Lekun kontzertua emanen du eta hara eta museora joateko autobusa antolatu dute Leitzatik. Egun berean, XII. Sagardo Egunari emanen diote hasiera plazan, 19:00etan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun