Beotibarko gudaren 700. urteurrenaren harira igande honetan Uli mendian elkartuko dira Leitza, Larraun eta Berastegiko ordezkariak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 17a, 14:30

Igande honetan, irailaren 19an, 11:00etan, Uli mendian egin dute hitzordua Leitzako, Larraungo eta Berastegiko ordezkariek. Leitzako Udalak iragarri duenez, «duela zazpi mende adiskidetze eta akordio eremu izan zenari ohore» egin nahi diote.

Igande honetan, irailaren 19an, beteko dira 700 urte Beotibarko bataila gertatu zenetik. 1321eko irailaren 19an izan zen eta nafarren eta gipuzkoarren arteko gatazka gisa aurkeztu dute beti Beotibarko gudua. Baina bertsio ofizial horretatik harago, «hemen beti herri bat egon dela» aldarrikatu nahi dute igandean, «adostasunak eta elkar ulertzeak beti egon direla». Hala adierazi dio Mikel Zabaleta Leitzako alkateak TTIPI-TTAPAri.

Xabier Irujok eta Larraitz Ariznabarretak Beotibarko batailaren bertsio klasikoa gezurtatzen duen liburu bat ere argitaratu dute aurten: Beotibar. Zazpi mende geroago (1321-2021). Hain zuzen, atzo, ostegunean, Beotibar 700 urte: gezurren egia izenburupean hitzaldia egitekoa zuten online Irujok eta Ariznabarretak. Antolatzaileek adierazi dutenez, «gertakizun historiko ilun hau gogoratzeko eta zazpiehun urte geroago inposatutako muga artifizial baten bi aldetara dauden herrien arteko anaitasuna sendotzeko ekitaldia da hau. Oro har, gertakizun historiko horrek kaltetu zituen hainbat herrien arteko anaitasunaren eta adiskidetzaren oroitzapena egiteko ekitaldia da, eta azpimarratzeko gurea ez da inoiz frontera de malhechores izan, anai-arreben alderdia baizik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun