Ostiralean hil zen leitzarraren lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute lankideek

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 22a, 13:45

Gaur enpresako atarian egindako elkarretaratzea. Argazkia: LAB sindikatua.

Sakana S. Coop enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Lakuntzako lantegiaren ondoan, martxoaren 18an hil zen Igor Zubillaga Sestorain lankidearen heriotza salatzeko. Enpresa batzordeak «azken zazpi urteotan lan istripuen ondorioz lantegian lau hildako» izan direla nabarmendu du eta hori «onartezina» dela gaineratu du. Gaur arratsaldean Leitzako plazan ere elkarretaratzea egitekoa da.

Martxoaren 18an gertatu zen ezbeharra, garabi batekin pieza astunak mugitzen ari zela pieza horietako batek harrapatura hil zen Igor Zubillaga Sestorain 39 urteko leitzarra. Geroztik hainbat aldetatik salatu dute gertatutakoa. ELAk eta LABek, esaterako, «segurtasun neurriak ez betetzea» leporatu diote enpresari eta Nafarroako Gobernuari, berriz, «beste alde batera begiratzea». Leitzako Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du Igor Zubillagaren «lan istripua deitoratuz» eta elkartasuna eta atsekabea adieraziz Igor Zubillagaren familia, lagun eta lankideei.

Enpresa komitearen adierazpena

Gaur goizean, berriz, istripua izan zen lantegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute lankideek, eta enpresa komiteak adierazpena onartu du. Lehenik eta behin doluminak eman nahi izan dizkie «Igorren emazte, alaba, guraso eta lagunei», baina horrekin batera «aski dela» adierazi du.

«Azken zazpi urteotan lan istripuen ondorioz lau hildako izan ditugu 300 langilera ailegatzen ez den enpresa batean». Hori «onartezina» dela kritikatu du: «Itzulerarik gabeko puntu batera iritsi gara, konponbideak behar ditugu, orain. Ez gaude prest ezer gertatuko ez balitz bezala lanean asteko, tamalez, horrela izan da orain arte».

Horrekin batera, «Igorren heriotza ez dela kasualitatea izan» nabarmendu du: «Aste honetan antzekoak izan diren bi lan istripu larri izan ditugu, bata bestearen atzetik». Enpresa komitearen ustez, «horrek agerian uzten du hartutako neurriak ez direla nahikoak, prebentzio neurriak ez direla betetzen ari. Partxeak jartzea bukatu da».

«Jarrera aldaketa» exijitu du, eta bere hitzetan, «aldaketa sakon horrek enpresa honen egitura guztia ukitu behar du, zuzendaritzatik hasi eta enpresako azken katebegira arte». Enpresa komiteak «gaurkoa aldaketaren hasiera izatea» nahi du.

Bide batez, «enpresari, Nafarroako Gobernuari eta lan ikuskaritzari istripuan gertatutakoak lehenbailehen argitzea eta haiek berriro gerta ez daitezen beharrezko neurriak hartzea» eskatu dio. Eta enpresari zehazki, «prebentzio sistema aldatzeko» galdegin dio: «Langile batzordeak lan osasunarekiko konpromisoa berretsi nahi du, enpresak behar duen aldaketa horretan gure ekarpena eginez».

Bukatzeko, «Igor Zubillaga lankidearen omenez eta aurretik lan istripuan hil diren Gurutz, Jose Miguel, Yerai eta Raul lankideen omenez» minutu bateko isilunea gorde dute.

Gaur elkarretaratzea Leitzan

Goizean Lakuntzan egin duten elkarretaratzeaz gain, arratsaldean beste hiru eginen dituzte: Leitzako plazan, Lakuntzako plazan eta Berriozarko Euskal Herria plazan bilduko dira, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun