Goizuetako udalak Ttipi-Ttapara bidalitako oharrean nabarmendu duenez, baserritarren egoera ezagutzeko udalak hainbat bilera egin ditu beraiekin herri lurren egoera hobetzeko eta, bide horretan, egungo ordenantza eguneratzeko lan talde bat sortu dute. Udalaren hitzetan onargarria da baserritarren bilerara udala ez gonbidatu izana, ordea, ez dena onargarria da bilera ondoren publikatu den oharrean «gezurrak eta egiak erdizka» esatea.
Baserritarrek ateratako oharrean nabarmendu zuten Artikutza ondoko mendiak egoera onean jartzeko Nafarroako Gobernuak jarritako diru partida handiena (45.000 eurotatik 40.000 euro) berezko egin beharretatik desbideratu eta Illarbietako ehiza postutako pista konpontzeko erabili zela. Udalak ordea, hori ez dela guztiz zuzena zehaztu nahi izan du: «Diru hau zertan erabili zehazteko, bertan aziendak edukitzen dituzten abeltzainekin bilera bat egin zen, eta bertan hartu zen bi aska berri egin eta Kuxingo bordatik Illarbietara doan pista hobetzeko erabakia; hau baita Artikutzako mugako inguru horretara dagoen pista bakarra».
Baserritarrek udalari diru ekarpen handia egiten diotela nabarmendu zuten bileran, eta udalak inbertsiorik ez duela egiten salatu. Udal taldeak horren gaineko bere iritzia ere adierazi du: «Komeni da jakitea, baserritarrek gainontzeko goizuetarrek bezalaxe dituzten ondasunen baitako ekarpena egiten dutela zerga bidez, eta Udalak onura kolektiboa hartzen duela aintzat inbertsioak egiterako garaian, eta ez norberak egiten duen ekarpena».
Udal taldeak elkarlanerako mezua zabaldu nahi izan du: «Udalak ez du ika-mika honetan gehiago luzatzeko asmorik, eta borondate osoa dauka baserritarrekin elkarlanean jarraitzeko eta goizuetarren bizi baldintzak hobetzen saiatzeko. Beraz, hemendik aurrera ere, horretarako beharrezkoak diren ahaleginak egiten jarraituko du».