Goizuetako 25 baserritar eta EHNEko idazkaria den Patziku Irisarri bildu ziren azaroaren 17an egindako bileran. Gai interesanteak eta parte-hartze aktiboa izan zuten, beti ere baserria garatzeko informazioa bilduz eta ekimenean oinarritutako bilera mamitsua eginez.
Goizuetan 80 ustiategi
Lehenik gaur egungo baserri inguruko egoera aztertu zuten. Goizuetan 80 bat ustiategi daude gaur egun. Agerian gelditu zen baserrietako bideen eta mendiaren egoera txarra. «Baserrietako bideak leku askotan zuloz beteta daude, babes-hesirik gabe, arrisku leku asko daude eta mendian aziendak amiltzeko leku kritikoak daude, uraren askak eta azpiegiturak ere oro har oso egoera txarrean daude», aipatu zuten.
Mendiak ere oso zikinak daudela gogoratu zuten, sasiak eta oteak hartutako eremu handiak daude, eta hau dena baserritarrek bakarrik zuzentzea ezinezkoa dela azpimarratu zuten.
Artikutza inguruko mendiak egoera onean jartzeko diru-atalik handiena ehiza postu baterako pista konpontzera bideratu dutela eta haserre
Honi gehitu behar zaio 150 behi mestizo basati inguru batere kontrolik gabe dabiltzala. Istripu eragile izan daitezke, gaitzak kutsatu (tuberkulina) pertsonei edota beste aziendei...
Hala ere baserritarrei min gehien egin diena azken esleipena izan da. Artikutza inguruko mendiak egoera onean jartzeko Nafarroako Gobernuak jarritako diru-atalaren zatirik handiena (45.000 eurotatik 40.000 euro) «berezko egin beharretatik desbideratu eta Illarbietako ehiza postutako pista konpontzeko erabili izana» tamalgarritzat jo zuten baserritarrek.
Lau aska berri egin dira
Azken aldian egin diren ekintzak ere landu zituzten. Bertan adierazi zutenez, eman den pausurik garrantzitsuena lau aska egitea izan da. Nahiz eta oso pausu positiboa izan, egiazko beharrak aztertu eta zuzentzeko asko falta dela azpimarratu zuten. Nahiz eta udala eta baserritarrak biltzen ari diren eta lanketa bat egiten, aurrera pausuak tantaka datozela uste dute.
Eskualdeko baserritarren elkartea sortu izana ere oso positibo ikusi zuten, «baina errealitatean Goizuetako baserritar gehienoi momentuz ia onurarik ez zaigu iritsi egoera berri honetatik».
Goizuetako baserritarrak harriturik agertu ziren, «baserri ingurutik udaletxera zerga bidez iristen den diru kopuru handia dela eta nola ez diren behar diren inbertsioak egiten».
Baserritarren komisioa sortzeko asmoa
Hau dena dela eta, erabaki dute datorren asteetan auzoetako ordezkariak izendatzea eta baserritarren komisio bat sortzea, Goizuetako nekazaritzari eta abeltzaintzari arnas berria emateko.
Bilera honetara gonbidatu zuten EHNEko idazkaria den Patziku Irisarrik sindikatuaren babesa eskaini zien Goizuetako baserritarrei «behar dugun gauzetarako eta hori benetan eskertzen dugu».