Jardunaldi jarraitua ezartzeko gurasoen artean bozketa egiten ari dira gaur Areson

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 1a, 14:00

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak azaro erdialdera jakinarazi zuen eskualdeko 29 eskoletan jardunaldi jarraitua ezartzeko prozedura hasteko baimena eman zuela. Horretarako hiru botazio egin behar dituzte, irakasleek lehenbizi, eskola kontseiluak gero eta ikasleek edo hauen gurasoek azkenik. Hain zuzen, gaur, Areson familiak ari dira botoa ematen.

Azaroaren 10ean jakinarazi zuen TTIPI-TTAPAk eskualdean jardunaldi jarraitua izateko baimena eskatu duten eskualdeko 29 ikastetxeen zerrenda. Eskualdean, Arantzako Eskola eta Berako Jesusen Bihotza ikastetxea dira prozedura hori hasteko baimena eskatu ez duten eskualdeko ikastetxe bakarrak.

Hezkuntza Departamentuak hiru eskola jardunaldi proposatu zituen:

  • Jarraitua: Klaseak egunero 09:00etatik 14:00etara. Astean lau arratsaldez, hautazko eskolaz kanpoko jarduerak.
  • Malgua: Astelehenetan, asteartetan eta ortzegunetan klaseak goizez eta arratsaldez. Asteazkenetan eta ortziraletan goizez.
  • Zatitua: Klaseak goizez eta arratsaldez, asteazkenetan izan ezik. Pandemia aurreko ordutegia, alegia.

Baina jarraitua edo malgua ezartzekotan, hiru botazio egin behar dituzte. Lehenbizi ikastetxeko irakasle guztien bostetik hiruk onartu behar dute. Hala baldin bada, bigarren bozketa eskola kontseiluan egin beharrekoa da, eta eskola kontseiluan botoa emateko eskubidea duten hirutik bik alde agertu behar dute eta azkenik, hirugarren botazioan, ikasleen txanda da, edo ikasleen gurasoena. Ikastetxeko azken ikas-mailakoak kontuan hartu gabe, familia bakoitzak ikastetxean dituen seme-alaben kopurua adina boto ditu.

Hain zuzen, gaur, horretan ari dira Aresoko eskolan. Aresoko Eskola Kontseiluak joan den azaroaren 8an behin-behinekoz onetsi zuen jardunaldi jarraitua ezartzea. Eta gaur familiak botoa ematen ari dira. Hautetsontzi bidezko botazioa ikastetxean egiten ari dira. Goizean 09:00etatik 10:00etara boto batzuk bildu dituzte eta arratsaldean 16:00etatik 17:00etara bilduko dituzte gainerakoak.

Ikastetxeek abenduaren 13a baino lehen jakinarazi behar diote botazioaren emaitza Hezkuntza Departamentuari. Erabakiak 2022/2023 ikasturteari eraginen dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun