Ttipi Txartela

«Leitzan zapata-dendarik ez zegoela ikusi genuen»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 3a, 13:00

Bost urte bete ditu azaroan Leitzako Bi pauso zapata-dendak. Maria Zabaletak azaldu duenez, «Leitzan zer ez zegoen eta zer behar zeuden begiratu genuen, eta zapata-dendarik ez zegoela konturatu ginen, kirol-denda bai, baino zapata-dendarik ez».

Orduan Bi pauso irekitzea erabaki zuen Zabaletak, «ni egoten naiz bertan lanean, baina noizbehinka alabaren laguntza ere daukat».

Zapatak, botak, zapatilak, emakumeentzako, gizonentzako, haurrentzako… «kirola egitekoak izan ezik, mota guztietako oinetakoak ditugu, janztekoak». Honez gain, osagarriak dituzte salgai; poltsak, zapiak, diru-zorroak, gerrikoak, motxilak, jaioberrientzat oparitxoak, panpinak… «eta arropa ere saltzen dugu. Jendea eskatzen hasi zen eta pixkanaka gehiago sartu ditugu».

Sare sozialek «ondo funtzionatzen dute Leitzarren artean eta inguruko herrietako jendea ere etortzen zaigu. Pandemiarekin etxez etxe asko ibili gara eta batez ere etxeko zapatilak asko saldu dira».

Kaxkabeltzaren kide da Bi pauso, «oso ondo moldatzen gara denon artean. Negozioak elkarrekin egotea garrantzitsua da, nik zerbait ez badaukat beste denda batera bidaltzen ditut bezeroak, eta alderantziz. Giroa oso polita da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun