Ttipi Txartela

«Uste baino jende gehiagok eman du izena aurten»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 21a, 12:00

Miren LATASA BARBERENA, Leitzako Anikote Kirol Zerbitzuak.

2016an hasi zen Anikote kirol zerbitzua ematen Leitzan, geroztik «asko aldatu da, gero eta aniztasun handiagoa daukagu bai zerbitzuen aldetik baita jendearen aldetik ere».

Gimnasioan, lehen, «gizon asko ikusten ziren, baina orain gero eta emakume gehiago joaten dira». Ikastaroetan, berriz, alderantziz gertatu da; «lehen denak emakumeak ziren eta orain gero eta gizon gehiago sartzen dira».

Irailean egin zuten aurtengo ikastaroko izen-ematea eta emaitza espero baino hobea izan da, «jende asko apuntatu da». Kirolak, jarduerak eta haurrentzako, gazteentzako, helduentzako eta adinekoentzako ikastaroak dituzte. Gainera, les mills jarduera sorta da aurtengo berritasuna; «body bump eta body combat ikastaroak. Hauetara ere jendea animatu egin da». Honez gain, spinningeko saio birtualak eginen dituzte, «monitore fisikorik gabe, pantaila baten bidez izanen dute saioa».

«Jendeak normaltasuna behar du», eta poliki-poliki lortzen ari gara. Koronabirusak sortutako kiroldegietara joateko beldurra galdu dute, «gero eta jende gehiago animatzen hasi da leku itxietara sartzen, guretzako premiazkoa zen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun