Jertseak, kamisetak, galtzak, soinekoak, berokiak, oinetakoak… etxeko gaztetxoenak janzteko aukera zabala dauka Kulunkak. «Jaio-berrientzako opariak ere asko saltzen dira, konjuntoak batez ere».
Moda jasangarriari garrantzia ematen dio Labaienek, adibidez, birziklatutako plastikozko botilez egindako txaleko bat dauka salgai. Hala ere, «denda txikiek oso zail daukagu, guk edozein marka ezin dugulako erosi. Marka batzuk kopuru handietan erostea eskatzen dute eta herri txikietan ez da posible, bestela hiru urtez arropa berdina saltzen egongo ginateke». Alde horretatik, «oso mugatuak» daude.
Haurren moda aldatzen ari dela uste du Labaienek, «gu umeak gineneko garaiarekin konparatuta, uste dut arroparen kalitatea asko jaitsi dela, zentro komertzialetako oso-oso merke den arropak janzten baitituzte. Urtebetera txikia geldituko denez, jendeak arropa merkea nahi du».
Kulunkan kalitatearen aldeko apustua egiten dute, «orain haur askok azaleko arazoak izaten dituzte, eta kotoiez edo kotoi organikoz eginda dagoena askoz hobea da larruarentzako». Arropak luze irautea ere «dudarik gabe» abantaila handia da, gero beste haurrei pasa daitekeelako.