Oraingoz dendak etorkizuna daukala dio Hernandorenak, baina «hurrengo belaunaldietan gero eta gehiago erosiko da Internet bidez eta ez dakit zer pasatuko den».
Produktu eskaintza zabala daukate burdindegi honetan; sukalderako tresnak, baratzerako gauzak, eraikuntzako erremintak, pinturak, loreak… Honez gain, makineria ere alokatzen dute. Hau guztia etxera eramateko zerbitzuarekin osatzen dute, «herri txikia denez, jendeak zerbait etxera eramateko eskatzen badit, ez dut arazorik. Nire gurasoak hasi ziren zerbitzuarekin eta nik ere egiten dut». Pandemia garaian asko erabili bada ere, orokorrean gero eta gutxiago eskaintzen duen zerbitzua dela dio; «gaur egun denek daukate kotxea eta dendara etortzen dira. Zerbait handia edo pisutsua baldin bada etxera eramaten dugu, baina bestela normalean jendea hona etortzen da erostera».
Kaxkabeltzako kide da Hernandorena, Leitzako saltokien elkartea. Bere esanetan, «herri bat komertzio txikirik gabe herri hila izanen litzateke, bizia ematen diogu». Baina bezeroen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du, «gu hemen gaude zerbitzua eskaintzeko, baina haiek hemen kontsumitu behar dute denok aurrera egiteko».