Frankizia bat izanda, okindegian gehienbat Ogi Berrik prestatutako produktuak saltzen dituzte. Bi lerro dituzte, alde batetik ogia, «mota askotarikoa, aurretik egosia ekartzen digute eta bertan azken labekada ematen diegu». Beste aldetik opilak daude, «lantegitik orea ekartzen dugu, harrotzen uzten dugu eta bertan laberatzen ditugu». Hala ere, bertan egindako produktuak ere saltzen dituzte, hostopil tartak eta bestelakoak. Eguberrietan ere, errege-opila bertan prestatzen dute. Hostopil lazoa da gehien saltzen dutena okindegi honetan, «kalitate onekoak direla ikusten da, gurinezko hostopilez eginda baitaude».
Frankizia baten parte izateak bere abantailak eta desabantailak dituela azaldu digu Mikelek. «Hornikuntza aldetik ziurtasuna ematen dizu, egunero jasoko dituzu produktu freskoak», gainera, soberan den ogiaren zati bat bueltatu dezaketela dio. «Lan egiteko lasaitasun handiagoa eta produktu gehiago edukitzeko aukera ematen dizu». Hala ere, dena ez da ona; «oso lotuta zaude enpresari eta haren prezioei, nahiz eta batzuetan prezioak igotzea ez zaizun komeni, behartuta zaude».
Pandemiak momentu latzak pasarazi dizkio Leitzako okindegi honi. Kafetegian nabaritu da aldaketa gehien, orain terrazan bakarrik ari baitira lanean. Eguraldiaren esku egotea «oso gorabeheratsua» da, asko baldintzatzen baitu bezero kopurua; «eguzkia egiten duenean ongi, baina euria egitean…». Lan egiteko era asko aldatu da, eta negozio guztiak egokitu behar izan dira.