Koronabirusa

80 urtetik gorakoek txertoaren bigarren dosia eta 70 urtetik gorakoek aurrenekoa hartuko dute asteartean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 9a, 13:34

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako 80 urtetik gorakoek koronabirusaren aurkako txertoaren bigarren dosia hartuko dute asteartean, apirilaren 13an, Leitzako kiroldegian. Horiez gain, 70 urtetik gorakoak txertatzen hasiko dira.

Joan den martxoaren 23an hasi ziren Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako adinekoak txertatzen. Lau herrietako 258 lagunek hartu zuten Pfizer etxearen lehenbiziko dosia eta asteartean bigarrena hartuko dute. Aurreko aldiko orduan hurbildu beharko dute txertoa hartzera, baina lau udalek jakinarazi dutenez, «48 ordu lehenago sms mezu bat hartuko dute hitzordua gogoraraziz».

Ez dira txertoa hartzeko aukera izanen duten bakarrak. 70 urtetiko gorakoei Leitzako kiroldegian eginen den hitzorduan lehenbiziko dosia hartzeko deia egin diete. Nafarroako Gobernutik deituko diete hitzordua emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun