Piketeak egiten ikasteko otsailaren 13an Plazako Bordan egindako erakusketaren ondotik, auzolanak eta baserriko lanak jendaurrera plazaratzeko asmoak aurrera segitzen du eta Dagoenean Bonbon taldetik, udaletik eta Cederna Garalur elkartetik hurrengo hitzordua martxoaren 14an izanen dela lotu dute. Bertako lagunek haziak eta hazitegiak izanen dituzte hizpide eta denen artean jakintza hori elkartrukatzea da asmoa. Abañon, 10:30 aldera elkartuko dira, eta norberak bere haziak ekartzera eta elkarbanatzera animatzeko eskatu dute tailerra bideratuko duten lagunek.
Bertaratu nahi duenak jakinarazi egin beharko du arano.udala@gmail.com helbidera idatziz.
Hilero egin nahi diren elkarretaratze hauen asmoa baserri munduko egitekoak auzolanean nola egiten diren erakustea eta zabaltzen saiatzea da. Formazioa eta nekazari eta abeltzain munduko lanen jakintza elkartrukatzea izanen lirateke helburuak.