Piketeak egiten ikasteko saioa izanen dute larunbatean Aranon

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 11a, 12:00
Duela bospasei urte auzolanean herrigintza eskola jarri zuten martxan.

Nekazaritza munduko lanen jakintza elkartrukatzeko asmoz hainbat saio egiteko asmoa dute

Cederna Garalur Elkartearen eskutik, eskualdeko elikadura sistema lantzeko proiektuarekin lanean jarraitzen dute, eta herriz herri bilerak egiten ari dira. Horietako bat izan zen ilbeltzaren 28an Maisuenean egin zena, Cederna Garalurreko Amaiur Unzueta teknikariaren gidaritzapean.

Landutako gaien artean, eskualdean nekazaritza sektorean eta elikaduran lantzen ari diren hainbat ekimenen berri izan zuten herritarrek, batik bat; eskualdeko baserritarren elkartearen sortze lanen berri eta Leitzan forma hartzen ari den Mimukai garapen eta transformazio gunea sortzeko proiektuaren berri.

Azoka ibiltaririk ez

Azoka ibiltarien egutegian Aranon azoka bat antolatzearen aukeren balorazioa ere izan zuten aztergai bileran, eta bertan zeudenen artean erabaki zuten Arano egutegi horretatik kanpo uztea aurtengoz.

Auzolan egutegia

Azkenik, Auzolan Egutegiaz hitz egin zuten. Aurreko bilera batean sortu zen ideiari tiraka, baserri munduko egitekoak auzolanean nola egiten diren erakustea eta zabaltzen saiatzea da asmoa. Formazioa eta nekazari munduko lanen jakintza elkartrukatzea izanen lirateke helburuak eta horretarako, lehen auzolana piketeak egitea izan daitekeela pentsatu zuten.

Piketeak egiten

Beraz, larunbat honetan, otsailaren 13an, piketeak egiten ikasteko saioa antolatuko da Plazako Bordan. 10:45ean egina da hitzordua eta bertan elkartu eta beharrezko materialak eta erremintak eskura izanen dira lan horretan ikusiz ikasi nahi dutenentzat.

Josu izanen da piketeak egiten erakusteko saioa prestatzearen arduraduna oraingoan eta, parte hartu nahi duten guztiek berari deitu beharko diote larunbata baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun