Mimukai Garapenerako eta Eraldaketarako Zentroa itxura hartzen hasi da. Leitzako Udalak aurreko astean adierazi zuen zentroa sortzeko bidea abiatu duela eta helburu nagusia «Larraun-Leitzaldeko tokiko ekonomia eskualdeko ikuspegiarekin garatzea» izanen dela. Leitzako Udalak bultzatutako proiektua da baina Cederna Garalur, Aranoko Udala, Goizuetako Udala, Aresoko Udala, Lekunberriko Udala, Araizko Udala, Larraungo Udala, Beteluko Udala, Basaburuko Udala, Atezko Udala eta Imozko Udala ere laguntzen ari dira.
«Ekosistema berritzaileak sustatzeko eta eskualdeko sektoreetarako eta sektorearteko garapena bultzatzeko palanka» izatea du jomuga eta bide horretan, «besteak beste, eskualdeko elikagaien transformazioa eta komertzializazioa erraztea; lehen sektorean enpresak, enplegua eta ekintzailetza sustatzea; sektorearteko sinergiak sortzea; eskualdeko enpresentzako eta langabe eta ekintzaileentzako zerbitzuak eskaintzea eta energia berriztagarrien inguruko aholkularitza ematea» izanen ditu helburu.Leitzan kokatu arren, «eskualde osoko sektore ekonomiko guztientzako topagunea» izanen dela azaldu du Leitzako Udalak, eta hainbat espazio izanen dituela aurreratu du: «obradore publikoa, energiaren inguruko informazio gunea, garapen agenteen bulegoak, formakuntza eta bileretarako gelak, coworking gunea...
Helburu zehatz horietatik harago, «eskualdeko ekonomia-sektore guztietako interesdunen eta herritarren beharrak» bildu nahi dituzte, «espazioa modu kolaboratiboan diseinatu» nahi dutelako. Eta hala, ondoko asteetan parte-hartze saio batzuk eginen dituzte, «Mimukai proiektua gizarteratzeko eta etorkizuneko erabiltzaile izan daitezkeen beharrak jasotzeko, eskualdeko eragileen ekarpenekin espazio eta zerbitzu eskaintza ahalik eta erabilgarrienak diseina daitezen».
Hurrengo parte-hartze saioen datak
- Martxoaren 4an, Leitzan, hirugarren sektorea eta herritar interesdunak.
- Martxoaren 11n, Jauntsaratsen, lehen sektorea eta herritar interesdunak.
- Martxoaren 17an, Lekunberrin, lehen eta hirugarren sektoreak eta herritar interesdunak.
- Martxoaren 24an, Lekunberrin, bigarren sektorea eta herritar interesdunak.
- Apirilaren 15ean, Leitzan, bigarren sektorea eta herritar interesdunak.
- Apirilaren 22an, Goizuetan, udal ordezkariak.
- Maiatzaren 6an, Leitzan, saio irekia.