Mimukai Garapenerako eta Eraldaketarako Zentroa sortzeko bidea abiatu du Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 17a, 14:00

Leitza eta inguruko sektore ekonomiko guztientzako topagunea izanen dela iragarri du Leitzako Udalak ohar bidez, eta helburu nagusiak zehaztuta badituzte ere, interesdunen eta herritarren beharrak jasotzeko asmoz, heldu den astetik aurrera parte-hartze saio batzuk eginen dituzte. Horietan aurrenekoa Leitzan izanen da, otsailaren 25ean.

Mimukai Garapenerako eta Eraldaketarako Zentroa itxura hartzen hasi da. Leitzako Udalak gaur adierazi du zentroa sortzeko bidea abiatu duela eta helburu nagusia «Larraun-Leitzaldeko tokiko ekonomia eskualdeko ikuspegiarekin garatzea» izanen dela. Leitzako Udalak bultzatutako proiektua da baina Cederna Garalur, Aranoko Udala, Goizuetako Udala, Aresoko Udala, Lekunberriko Udala, Araizko Udala, Larraungo Udala, Beteluko Udala, Basaburuko Udala, Atezko Udala eta Imozko Udala ere laguntzen ari dira.

Leitzan kokatu arren, «eskualde osoko sektore ekonomiko guztientzako topagunea» izanen dela azaldu du Leitzako Udalak

Leitzan kokatu arren, «eskualde osoko sektore ekonomiko guztientzako topagunea» izanen dela azaldu du Leitzako Udalak, eta hainbat espazio izanen dituela aurreratu du: «obradore publikoa, energiaren inguruko informazio gunea, garapen agenteen bulegoak, formakuntza eta bileretarako gelak, coworking gunea...

«Ekosistema berritzaileak sustatzeko eta eskualdeko sektoreetarako eta sektorearteko garapena bultzatzeko palanka» izatea du jomuga eta bide horretan, «besteak beste, eskualdeko elikagaien transformazioa eta komertzializazioa erraztea; lehen sektorean enpresak, enplegua eta ekintzailetza sustatzea; sektorearteko sinergiak sortzea; eskualdeko enpresentzako eta langabe eta ekintzaileentzako zerbitzuak eskaintzea eta energia berriztagarrien inguruko aholkularitza ematea» izanen ditu helburu.

Helburu zehatz horietatik harago, «eskualdeko ekonomia-sektore guztietako interesdunen eta herritarren beharrak» bildu nahi dituzte, «espazioa modu kolaboratiboan diseinatu» nahi dutelako. Eta hala, ondoko asteetan parte-hartze saio batzuk eginen dituzte, «Mimukai proiektua gizarteratzeko eta etorkizuneko erabiltzaile izan daitezkeen beharrak jasotzeko, eskualdeko eragileen ekarpenekin espazio eta zerbitzu eskaintza ahalik eta erabilgarrienak diseina daitezen».

Aurreneko parte-hartze saioa otsailaren 25ean Leitzako Herri Aretoan eginen dute, 15:30ean.

Parte-hartze saioak

  • Otsailaren 25ean, Leitzan, lehen sektorea eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 4an, Leitzan, hirugarren sektorea eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 11n, Jauntsaratsen, lehen sektorea eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 17an, Lekunberrin, lehen eta hirugarren sektoreak eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 24an, Lekunberrin, bigarren sektorea eta herritar interesdunak.
  • Apirilaren 15ean, Leitzan, bigarren sektorea eta herritar interesdunak.
  • Apirilaren 22an, Goizuetan, udal ordezkariak.
  • Maiatzaren 6an, Leitzan, saio irekia.

Saioetan parte hartu nahi dutenek mimukai@cederna.es helbidean izena eman beharko dute. COVID-19a dela eta, saioetarako edukiera mugatua izanen da eta saioetan parte hartzeko aurrez izena emateko eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun