Euskararen Egunerako kultur eskaintza prestatu dute Areson

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 14:00

Osasun egoeraren ondorioz, ohiko ospakizun handirik izanen ez badute ere, Euskararen Egunerako, ostegun honetarako, zenbait hitzordu antolatu dituzte Areson. Goizean ipuin-kontalaria eta kalejira izanen dituzte eta arratsaldean Hesian taldeak kontzertu akustikoa emanen du.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ez dute seinalerik gabe gelditu nahi izan Areson eta haur, gazte eta helduentzako egitaraua prestatu dute:

  • 11:30ean Maider Galarza ipuin-kontalariak bere saioa eginen du. Eguraldi ona bada, plazan izanen da saioa eta bestela elizan.
  • Ondotik kalejira eginen dute herrian barrena herriko musikariek lagunduta. Kalejira sei laguneko taldetan banatuta eginen dute, tarteak zainduz.
  • 17:30ean Hesian taldeko Zuriñe eta Franekin kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izanen da elizan. Ateak 17:00etan irekiko dituzte eta edukiera mugatua izanen dela adierazi dute. 70 lagun sartzen ahalko dira eta lehentasuna herritarrek izanen dute. Jende kopurua kontrolatze aldera, zerrenda bat jarri dute Sastinean, eta bestela 697 65 66 87 edo 699 88 38 99 zenbakira deituta apuntatu beharko da. Abenduaren 2ra arte izanen da apuntatzeko epea.

Bestalde, bideoa ere egin nahi dute «modu sinbolikoan jendea Euskararen Egunaz gogoratzeko». Herritarrei, bakoitzak bere etxean, bideo bat grabatzeko deia luzatua diete eta gaur, azaroak 30, izanen da bideoak bidaltzeko azken eguna. 697 65 66 87 edo  699 88 38 99ra bidali behar dira bideoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun