Euskararen Eguna gogoan bideoa egin nahi dute Areson

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 24a, 15:00

 «Modu sinbolikoan jendea Euskararen Egunaz gogoratzeko» bideo bat egin nahi dute eta herritarrei azaroaren 30erako bideoak bidaltzeko eskatu diete.

Abenduaren 3a egun handia izaten dute Areson, Euskararen Egunaren harira, ospakizun eguna. Aurten, ordea, osasun egoera tarteko, aurreko urteetako ekitaldirik ezin izanen dute egin. Zerbait egiteko asmoa badute, ordea, eta besteak beste, bideoa egin nahi dute. Hala, herritarrei, bakoitzak bere etxean, bideo bat grabatzeko deia luzatu diete, «kantari, irrintzi edo bertso bat botaz, euskararen inguruko ikuspuntu edo bizipen bat kontatuz...». 

«Lanak errazte aldera» Aitorren hizkuntz zaharra eta Euskaraz bizi nahi dut (Esne Beltza) kantak proposatu dituzte kantatzeko. Horiez gain, norbaitek beste proposamenen bat baldin badu, «ongietorria» izanen dela adierazi dute.

Bideoak mugikorrarekin horizontalean grabatzeko eskatu dute eta ondotik, 697 65 66 87 edo  699 88 38 99ra bidaltzeko. Azaroaren 30a izanen da horretarako azken eguna. Bildutako bideo zatiak bideo bakar batean bilduko dituzte abenduaren 3rako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun