Sherpa.ai Aizkolari Txapelketako lehen kanporaketa larunbatean jokatuko dute Zestoan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 22a, 14:00
Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak txapelketa honetan.

Federazioarekin dituzten desadostasunengatik, lehian parte hartuko duten aizkolariek beren artean antolatu dute txapelketa lehen aldiz

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko lehen kanporaketa urriaren 24an, larunbatean 18:00etan hasita jokatuko dute Zestoako (Gipuzkoa) Gurutzeaga pilotalekuan. Ruben Saralegi eta Jon Rekondo leitzarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak eta beraiekin batera, beste zortzi aizkolarik parte hartuko dute kanporaketan: Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa eta Julen Alberdi Txikia IV.a

Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte hamar aizkolariek Zestoan, eta denbora onena egiten duten sei sailkatuko dira azaroaren 20an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den final nagusira.

Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izanen da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki dute, bi aldeen artean dauden desadostasunengatik; kirolariek beren apustuari eutsi nahi izan diote, beraz.

Aizkora beste kirol batzuen «maila berera igo» nahi dute, eta garai berrietara egokitzeko «ekintzak garatu, ikusgarritasun handiagoa lortzeko». «Bada garaia; denbora daramagu arlo honetan hausnartzen eta aurten aizkora munduko kirolariok urrats irmoa emateko erabakia hartu dugu», adierazi zuen atzo Bilbon egindako aurkezpenean Aitzol Atutxa aizkolariak.

Etorkizunera begira formatu «berritzaileagoak eta erakargarriagoak» lantzen ari dira aizkolariak, garai eta modu berrietara egokitzeko. Esaterako, bide berriak bilatu dituzte ingurune digitalean; webgunea sortu dute eta sare sozialetan kontua sortu. Atzoko aurkezpenean jakitera eman zutenez, finalerako sarrerak web orrialdean eskuratu ahalko dira abudo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun