Aizkolarien kolektiboaren erabakia deitoratu du Euskadiko Herri Kirol Federazioak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 1a, 19:00
Txapelketa ofizial bakarrak federazioak antolatuko dituenak izanen direla azpimarratu dute.

Aurten antolatuko diren txapelketa ofizial bakarrak federazioak antolatutakoak izanen direla azpimarratu du eta izena emateko aukera urriaren 9ra arte luzatu du

Lehen mailako aizkolariek eta bigarren mailako aizkolari batzuek egindako adierazpenak direla eta, Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidenteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako presidenteekin batera sinatzen duten prentsa komunikatua eman dute argitara. Bertan ageri denez, «Federazioak federatu guztiei txapelketak eskaintzeko betebeharra duenez, aizkolarien txapelketa antolatuko du, Euskal Herriko 2020ko txapelduna izanen da egiten den goi mailako txapelketako irabazlea. Hau izango da titulu ofizial bakarra eta erakundeen aurrean eduko ahal izango duena. Aizkolari profesionalek ezin izango dute ofiziala hitza erabili, ezta Kirolaren Euskal Legeak euskal federazioei erreserbatzen dizkien Euskal Herriko izen eta ikurrak ere».

Federazioko oharraren arabera irailaren 9an bildu ziren kirolariekin, COVID-19ak eragindako egoera bereziaren aurrean ulermena eskatuz. «Funtsean erreklamazio ekonomikoa zegoen, eta 1. mailako aizkolariek eskatu zuten etekinen %100 eurentzat izatea, eta galerak gertatuz gero, antolatzailearentzat eta federazioarentzat. Aurtengoa amaitzea proposatu zen eta datorren urterako lanean hastea, denen artean txapelketa hobetzeko», dio Federazioak.

Lehen mailako aizkolariek eta 2. mailako batzuek aukera hori baztertu zutela dio federazioak, «euren txapelketa propioa egitea eta ekonomikoki kudeatzea erabakita baitzuten». Federazioak ez ditu profesionalak lantzen, «irabazi-asmorik gabeko erakundea baita eta herri kirol guztiak sustatzen baititu. Zuzendaritza Batzordeak modu altruistan egiten du lan diziplina guztiak sustatzeko eta ez daitezen hil; izan ere, Herri Kirolak kirola baino gehiago kultura da». Federaziotik ateratzen diren aizkolarien irizpidea «ekonomikoa baino ez dela» dio presidenteek sinatutako oharrak, baina «ezin dugu eta ez dugu irizpide profesional hori aintzat hartu, gure diziplinekin era gure historiarekin amaituko lukeelako».

 

Aizkolarien kolektiboaren erabakia deitoratu du Federazioak

Euskadiko Herri Kirol federazioak aizkolarien kolektibo horrek hartutako erabakia deitoratu du. Izan ere Federazioak 18 herri kirol modalitatetan 26 txapelketa ofizial antolatu zituen iaz, horietatik bortz aizkorakoak (lehen, bigarren eta eta hirugarren kategoriakoak, emakumezkoak eta gazteak). «Txapelketa guztiak egin ahal izan ziren, erakunde, entitate, lurralde federazio eta modalitate bakoitzeko boluntarioen lankidetzari esker», diote Federaziotik.

 

Izena emateko epea urriaren 9ra arte

Aurtengo egoera bereziak, ordea, herri kirolak ere kolpatu ditu, baina abuztuan argi berdea eman zitzaion aizkorari. Honela, lehen, bigarren eta hirugarren mailako txapelketak antolatzen hasi ziren, iazko sari, dieta eta lan berdinekin. Hirugarren mailan 33 aizkolarik eman zuten izena aurreikusitako epean, lehen mailan ez zen bakar bat ere jaso eta bigarren mailan batzuk bakarrik. «Hori dela eta, berriz hausnartu nahian eta aizkorari kalterik ez egitea lortu nahian, izena emateko beste epe bat eskaini nahi dugu 2020ko urriaren 9ra arte, finalerdia eta finala egiteko azaroaren 1eko eta 29ko datei eutsiz», dio Federazioak.

Bukatzeko, Euskadiko Herri Kirol Federazioaren arabera, «aizkolari jakin batzuek ekonomia elkartasunaren gainetik jartzen dutela errespetatuz, ekitaldi ez-ofizialak bakarrik egin ahal izango dituzte, eta profesionalak direnez kirol-ikuskizunen baldintza guztiak bete beharko dituzte, erantzukizun zibilean zein fiskalean, eta abar…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun