Bengoetxea VI.ak eta Baiko enpresako bertze pilotariek greba azarora arte luzatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 21a, 17:00

Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak bultzatutako elkartearekin ez dutela bat eginen adierazi dute eta «fede oneko negozioazio baten zain» greba azaroaren 30era arte luzatzea erabaki dute.

Greba batzordeak eta enpresak atzo egindako bileraren ondotik jakinarazi zuten pilotariek greban segituko dutela, azarora arte, hain zuzen. Atzoko bileraren harira, «zenbait punturi buruz sakon eztabaidatu ahal izan dutela» adierazi dute, eta «hurbilketa posible» dela gaineratu dute. Gatazka ondoko egunetan konpontzeko itxaropenaz ere aritu dira pilotariak, baina «enpresak oraindik ez dio inolako eskaintzarik egin greba batzordeari eta, hala izanik, greba bertan behera uzteko arrazoi nahikorik ez dago». Horrekin batera, langileek nabarmendu dute «aldarrikapen asko ez direla ekonomikoak, eta enpresak ez duela puntu horietarako eskaintzarik egin». Pilotarien ustez, «argi dago arazoa ez dela ekonomikoa, borondate arazoa baizik».

«Argi dago arazoa ez dela ekonomikoa, borondate kontua baizik»

Negoziatzeko prest daudela berretsi dute greban diren pilotariek eta bide horretan, «negoziazio mahaian lasaitasunez eseri eta fede onez negoziatzea beharrezkoa» dela aipatu dute, «harrotasuna alde batera uztea eta greba eskubideari zor zaion errespetua erakustea».

Greba egunak
Greba egunen berri ere eman dute: urriaren 30a eta 31 eta azaroaren 1a, 2a, 6a, 7a, 8a, 9a, 13a, 14a, 15a, 16a, 20a, 21a, 22a, 23a, 27a, 28a, 29a eta 30a izanen dira.

Pilotarien elkarteari ezetz
Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak pilotariek elkartea sortzeko egindako proposamenari, berriz, ezezko argia emanez erantzun diote: «aho batez» eta «48 orduko epeari itxaron beharrik gabe».

Baikoko pilotariek adierazi dutenez, «hasiera-hasieratik defendatu dugu elkarte parte-hartzaile baten beharra, sektoreko pilotari guztiei lekua eginen diena, elkartean sartzeko eperik jarriko ez diena eta zuzendaritza karguak inposaketa bidez erabakiko ez dituena». Halako elkarte bat sortzeko «bidelagun» izanen direla argitu dute, baita «kolektibo gisa ditugun eskubideak eta beharrak defendatzeko» ere. Hori bai, elkarte horrek «parte-hartze demokratikoa» izan behar duela azpimarratu dute: «estatutuak kolektibo osoaren artean adostu beharko dira, lortu nahi diren helburuak guztion artean finkatu, eta bozketa bidez aukeratu elkartearen zuzendaritza, osaera, funtzionatzeko modua eta erabakiak hartzeko prozedurak». 

Nolanahi ere, Baikok eta EPELek hausnarketa bat egin izana «albiste ona» delakoan daude greba batzordeko pilotariak, baita «talde gisa egiten ari garen aldarrikapenen zilegitasuna onartu izana» ere. «Espero dugu jarrera hori greba batzordearekin datozen egunetan eginen diren bileretan islatzea, greba bertan behera utzi ahal izateko eta asteburu honetan bertan berriz lan egiteko aukera izan dezagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun